Asiako tradizioaren itzalpean

Txotxongiloen Bilboko jaialdian, nazioarteko eta hemengo 16 talde izango dira, ostiraletik hilaren 21era bitartean

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Asiako tradizioak itzal handia izango du Txotxongiloen Bilboko 29. Nazioarteko Jaialdian. Hamasei taldek erakutsiko dituzte lanak, hilaren 12tik 21era, Campos antzokian. Eta horietatik bakar bat ere Asiakoa ez den arren, haietako asko kontinente hartako herrialdeetan barrena ibiliak direla azaldu du Concha de la Casa jaialdiko zuzendariak. Emango dituzten lanek «eragin nabarmenak» dituztela ziurtatu du, «itzalen teknikan eta estiloan».

Espainiako, Kataluniako, Kubako, Italiako, Bulgariako eta Euskal Herriko taldeak ariko dira Bilbon. Umeentzako obrak emango dituzte batik bat, baina izango da ikuskizunik helduentzat. Euskarazko lanak emango dituzte, baita atzerriko zenbait taldek ere. Igualadako (Katalunia) Teatre Nuk Aitona Matias eskainiko du, jaialdirako beren beregi euskaratuta. Eta Argentinako El Telonek Eskularruen istorioak. Marinelak eta piratak antzeztuko du. Espainiako Arena En Los Bolsillos taldeak euskaraz emango du, halaber, Cuando vuelve la luna lana: Ilargia itzultzen denekoa. Bilboko El Tenderete Urrun Erreinua-rekin izango da jaialdian; eta Donostiako Gar Produkzioak, Arrasto Bluak deritzon obrarekin.

Orobat, Kubako Teatro Tentempie (Pueblito de cuentos),Mexikoko Anima Titeres (Tres monólogos y una danza), Bernako Vessel Teatre (El soldadito de plomo) eta Italiako Viva Opera Circusek (Arlequín vagabundo buscando a la luna llena) parte hartuko dute, besteak beste, festibalean.

Aurten, Campos antzokiko Cupula aretoan izango dira emanaldiak. Ordea, jaialdiaren egitarauan jasotako gainerako ekitaldiak, omenaldiak, lantegiak, solasaldiak eta erakusketak, Barrankuako auzo etxean egingo dituzte.

Sarah Bianchiri omenaldia

Lau txotxongilolari omenduko dituzte hilaren 15ean: Sarah Bianchi eta Hector di Mauro argentinarrak, Dora Alonso kubatarra eta Alberto Mejia-Alfin mexikarra. Jaialdiaren antolatzaileak, Txirlora elkarteak, dokumentazio zentro bat ere badu, eta azken urteetan zendu diren sortzaile horien inguruan bideo bana egin du, «ez dadin gal haien obra». De la Casak azaldu duenez, «txotxongilolari askok ez dira eskola zehatz batekoak, eta komeni da haien lana jasotzea eta zabaltzea».

Txotxongiloak femeninoan atalaren barruan, Mariona Masgrau saria emango dute hilaren 20an Camposen -orduan jakinaraziko dute sarituaren izena-. Egun horretan, hainbat hitzaldi labur emango dituzte emakumezko adituek: Teresa Forcadak (Babelartquimia.cat), Anne Serranok (Mi querida maestra Adela Escartin), Ana Lia Zamoranok (Giuseppina Cazzaniga, toda una vida), Fara Madrigalek (Dora y Pelusin: mirada de una actriz) eta Agurtzane Maciasek (Historias de Kamishibai), besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.