Idaztean «gutxitan» gozatzen duten horietakoa da Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962). Apenas osatzerakoan, aldiz, «aurreneko aldiz» gozatu du. «Askatasunaren zoriona dago liburuan, eta uste dut irakurleek nabarituko dutela», esan zuen atzo idazleak Donostian, liburuaren aurkezpenean. Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu du, eta, Ur Apalategi editorearen iritziz, «egunkari poetiko bat» da. «Edo prosa poetikoan idatzitako eguneroko bat». Sei hilabetean osatu zuen Linazasorok; 2010eko maiatzaren 25etik abenduaren 31rako tartean, hain zuzen ere. Errealitatetik abiatu zen egunero, «fantasiara» eraman zituen testuak, eta fikzioa sortu du. Horixe zen, gainera, haren erronka nagusia, eta estilo ariketa hori eginez bere «ahots propioa» indartu eta finkatu duela pentsatzen du Linazasorok. «Ahalegin hori testuetan ikusten da, eta esango nuke nire estiloa finkatzeko balio izan didala liburu honek». Gainera, uste du genero hori ez dela «askorik» landu euskaraz. Halere, hain ohikoa ez izanagatik, ez du uste bere ibilbidean «bigarren mailako» liburu bat denik: «ezta gutxiago ere»
Agian horregatik, liburua gainbegiratu zuenean «bitxia» iruditu zitzaion Apalategiri — argitaletxearen Egunero irakurtzen delako saileko bederatzigarren alea da Linazasororena—. «Halere, Karlosek [Linazasoro] egiten dituen gehienak dira bereziak. Ohiko sailkapenetatik kanpo ibili ohi den autore bat da». Editoreak a priori pentsatzen du irakurtzeko zailak izan daitezkeen ale horietako bat dela, «baina irakurtzen hasi eta ezin liburua utzi». Apalategirentzat lerro bakoitzean «asmakuntza estilistiko bat» egiten du Linazasorok. «Berezia eta erakargarria da idaztean. Irudi inon ez ikusiak sortzen ditu, soinu segida limurgarriak...».
Autoreak baliatu ditu soinu eta irudi horiek bere «filiei, fobiei eta obsesioei» lekua egiteko. Surrealismoaren makulua hartu du bide hori egiteko. «Asko zor diot surrealismoari, eta liburu honek asko du ametsetatik, mundu onirikotik, disparatetik, umoretik...». Horri helduta, elementu horienerabileraren adibide bat eman zuen, umorez. «Emakume biluzi dezente azaltzen dira. Normalean nire bizitzan ez da sarritan gertatzen. Hori dela eta, gehiago du ametsetik errealitatetik baino. Nahiko surrealista izan daiteke». Hori esanda, aitortu zuen irudimenak askotan salbatzen duela. «Horretaz baliatzen naiz».
Eta bere egunerokoaz. Gertaera «errealetatik» abiatuta ondu du Apenas: «Egoera batetik, gogoeta batetik...». Pertsonei egunerokoan gertatzen zaiena, ordea, besteari «bost inporta» beharko litzaiokeela uste du. «Idazle bat edo Jesu Kristo izan, zein interes dauka bestearen bizitzak? Hori saltzea lotsagarria litzateke nire partetik. Baina kontatu behar baduzu, behar duzu interesa piztuko duen zerbait». Haren ustez, arreta hori bereganatzeko elementuak izan daitezke «estilo jakin bat» edukitzea, umorea eta fikzioa baliatzea... «Badaude baliabideak kontatu behar duzuna interesgarri bilakatzeko». Izan ere, azkenean bat da helburua: «edertasun pixkat bat lortzea».
Aske sentituz, gozatu
Dena den, ez daki zergatik daukan poesiara jotzeko joera. Ez daki zergatik lerratzen den horretara. Badaki, baina, askatasunaren zorionaren aleak direla orain bi urteko maiatza eta abendua artean idatzi zituenak. Izan ere, bere burua egunero idaztera «behartu zuen». Baina bere burua «aske» utzi zuen. «Eta aske utziz gero, lortzen da gozamen txikitxo bat». Kasu honetan, egunkari poetiko bat osatuz. «Izan ere, ez da poesia liburu bat bere horretan», nabarmendu zuen Apalategik. Eta segidan ondorengoa erantsi: «Gaiztakeriarik gabe diot, baina egun Euskal Herrian argitaratzen diren olerki liburuen %90ek baino poesia hobea eta handiagoa dauka Apenas-ek».
Buruarekin baietz egin zuen Felipe Juaristi idazleak. Aurkezpenean parte hartu zuen, Linazasororen adiskide moduan. «Bion ibilera antzekoa izan da. Gure idazketa poesiatik irristatzen da. Eta, lagun izatea alde batera utzita, bada haren lanean zerbait hunkitzen nauena». Juaristirentzat autorea «beti» agertzen da bere liburu eta artikuluetan; «nahi duen bezala, baina azaldu». «Barnetik kanporakoa da haren sorkuntza». Juaristik testu bat irakurri zuen, poesiari gorazarre eginez. Linazasorok, berriz, askatasunaren zorionari gorazarre egin dio Apenas laneko orrialdeetan.
Askatasunaren zorionarenak
Karlos Linazasorok 'Apenas' kaleratu du, errealitatetik fikzioa sortzen duen egunkari poetikoa, sei hilabeteko tartean idatzitakoaLiburuak bere estiloa finkatzeko balio izan diola iruditzen zaio egileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu