Jose Luis Merino erakusketaren komisarioaren ustez, inoiz "askatasun handienarekin" lan egin duen margolaria izan zen Bonifacio Alfonso Gomez Fernandez. "Bera baino hobeak egongo dira, baina inor ez zen izan bera bezain librea artean. Kopiatzen zuenean ere askea zen", adierazi du Merinok gaur goizean, erakusketaren aurkezpenean. 48 olio lan egongo dira ikusgai —gehienak formatu handikoak—, 29 marrazki, eta Antonio Gayo litografoarekin 2011an egindako Avanti Vaporini saila.
Laguna zuen Merinok Bonifacio. "Galeria bat (Grises) eduki nuen Bilbon 1964 eta 1970 artean, eta behin haren marrazki batzuk eman zizkidaten. Gehiago ikusi nahi nituen!". Komisarioaren iritziz, "euskalduna" zen artistaren margolaritza; baina "unibertsala" ere bai. "Margolari ezezagun handienetako bat izan zen".
Donostian jaiotakoa, meza-laguntzailea, mandatu mutila, jazz bateria jotzailea, arrantzalea, eta etxe-margotzailea izan zen, besteak beste. 1955ean Donostiako Pintura Saria irabazi zuen Cristo Cubista lanarekin. Matrikulatu zen hiriko Arte eta Lanbide Eskolan, baina laster kaleratu zuten handik, irakasleen jarraibideak ez zituelako segitzen. "Margolari anarkista" zen, Ignacio Ruiz Quintana arte adituaren esanetan.
Pare bat erakusketa egin zituen Bonifaciok Gipuzkoako Ateneoan eta Aranaz Darras galerian. Gero, 1959an, Bilbora joan zen bizitzera. Zenbait inprimategitan aritu zen marrazkilari, eta Bilbon ezagutu zuen Fernando Zobel, Cuencan Espainiako Artearen Museoa sortu zuena. Cuencara joan zen 1968an, eta han bizi izan zen 1989a arte. Madrilen egin zituen dozena bat pasatxo urte, eta Donostiara itzuli zen. Iazko abenduaren 16an hil zen.
Toreroa ere izan zen. "Baina ez pentsa anekdota hutsa denik. Toreroa izan zen, torero batek bezala pintatzen zuelako. Beretzako toreroa izatea zen margolaria eta bizizalea izatea", adierazi du Merinok. "Damuaren, erresakaren margolaria zen. Piztia, baina azukrezko eskumuturra zuena! Harriak bezain primarioa, baina samurra, gozoa eta jeniozkoa handienak moduan...".
Gaur irekiko dute erakusketa, eta apirilaren 7a arte egongo da zabalik.