Elkarrek biniloan berrargitaratu dituen diskoetako bat Ruper Ordorikaren (Oñati, Gipuzkoa, 1956) Hautsi da anphora (1980) estreinakoa da. Egileak berak dioen legez, «euskal kantagintza zulo batean zenean» plazaratu zuen lan hura, gitarra batekin kantatzea ia bekatu zenean. Hiru hamarkada egin ditu lan horrek aurten.
30 urte igaro dira Hautsi da anphora plazaratu zenuenetik. Izenburua bera bazen zerbaiten iragarle. Orduan kontziente al zinen disko hark zerbait hautsi eta bide berriak ireki zitzakeela?
Ez, ez, halakorik ez. Hautsi da anphora esaera lehendabiziko kantuan agertzen da, Hi hintzena-n, eta hori zen Atxagaren Etiopia liburuko lehenengo poema. Izenburua hortik hartu genuen. Diskoa inongo asmo taktikorikgabekoa izan zela uste dut, baina bai erabateko ausardiarekin egindakoa. Nik buruan entzuten nuena gauzatzeko ahalegin bat da. Lehenengo diskoa beti izaten da norberak ganbaran daukan hori eta beste inon entzuten ez duen hori atera nahiari erantzunez egiten den zerbait.
Askok lehen euskal disko modernotzat dauka...
Uf, halako gauzak esatea, ez dakit... Orain, adibidez, biniloan atera dute, bermasterizaturik, eguneraturik. Ni egon naiz saio horietan, eta alde batera, harritu egiten naiz orduko ausardia horrekin. Diskoak, batez ere, orduko musikari lagunak ekartzen dizkit gogora, talde hura nola osatu nuen. Gauza handia izan zen kantu horiek garatzeko hain jatorri desberdineko musikariak biltzea. Horretan datza disko honen pisu handiena. Horretan eta testuetan. Oso iturri diferenteko jendea batzea oso gauza naturala izan zen niretzat, nik maite nituen musikariak zirelako... Anjel Celada eta Jose Luis Dufour, Gasteizko musika mundutik ezagutzen nituenak, Bixente Martinez, Xabier Olloki, Josu Zabala...
Garai hartan Euskal Herrian entzuten zenak ez zintuela asebetetzen esan izan duzu. Zuk zein soinu, zein musika zenuen buruan garai hartan?
Batetik, banuen informazio oso handia, unibertsitatean nenbilen sasoi hartan ,eta ez zen zentsurarik pasatzen han. Eduki nuen abagunea Euskal Herriko musikari asko ezagutzeko oso hurbiletik, kontzertuetan, gure aurrekoak, batez ere. Ezagutu nituen gauza eder askoak euskal musikagintzan, estilo desberdinetan, zorte hori sentitu dut, gure aurreko musikariek sendotasun handiz landu dute herri musika, hain zuzen ere herri folkloretik edanda, eta beste batzuk beste nonbaitetik. Bestetik, nire zaletasuna erabat anglosaxoia zen, eta nik ahal nuena entzuten nuen, baina denetarik eta asko. Horien bien uztarketatik sortu zen nire lehen lana ere.
Bernardo Atxagarekin eta haren poetikarekin topo egin izan ez bazenu, zure orduko kantagintza bera al litzateke?
Ez dut uste. Orduan pentsatzen nuen diskoak ateratzen zirela oso sakabanatuak bezala, eta nik beti izan dut zaletasuna album ideiarekiko, giro bateko diskoekiko. Ordurako banuen abestiren bat edo beste, Gabriel Arestiren testuren batekin,baina pentsatu nuen, diskoak asko eskertuko zuela nolabaiteko ardatz bat. Orain diskoa berriro entzunez ikusten dituzu nire tempo asko gerora iraun dutenak, hor bazirela. Eta horrekin batera ikusten dut, disko horretan badirela kantuak, badirela poema kantatuak eta badirela bertsoak ere. Ñabardura horiek iraun dute denboran. Disko hori mintzo da garai hari buruz eta gurari bati buruz, nahi baduzu minuskulekin esanda, baina gurari poetikobati buruz, zer edo zer eraldatzeko gogoa bazen.
Atxagaren hitzetan topatu zenuen arnasa berri hori?
Egundo irakurri gabeko gauzak ziren. Testuak oraintxe entzunda ematen du egunerokotasun izugarria dutela, nahiz eta urteak pasatu.
Zure diskogintzaren barruan, eta denborak ematen duen talaiatik begiratuta, nola definituko zenuke lehen lan hura?
Batetik egiten zait hain urruna entzuten dudana musikalki, zenbat ideia zeuden hor, eta gero, aldiz, zein hurbil daukadan, era berean. Ikusten dudana da disko hark izugarrizko babesa eman zidala, ez zenbakietan, orduan ere oso arrotz gertatu baitzen, baina bai zenbat jendek benetan maitatu eta babestu zuelako disko hori. Nik uste dut gero oinarri horren gainean eman nituela ondorengo pausuak. Iruditzen zait diskoak halako zortez bere tokia hartu duela, eta badela batzuentzat erreferente bat. Niretzat izan zen hurrengoak egiteko babesa.
Lan hura orain biniloan berrargitaratu du Elkarrek. Zer iruditzen zaizu biniloa berreskuratzearena, musikaren kontsumoa hain azkarra eta digitala den garaiotan?
Gauzek, objektuek beti gordetzen dute bere balioa, eta hortik ikusten dut nik biniloarena. Nik jarraitzen dut biniloak entzuten, baina lehenagokoak, ez naiz binilo eroslea aspaldian. Ez dakit egia den horren atzean merkatua dagoela. Iruditzen zait anabasa baten erdian bizi garela. Ez dago jakiterik nondik aterako den... gauza bitxia bezain polita da lan hauek berriz ateratzea. Hortik aurrera ez dakit zer gertatuko den aurrera begira. Iruditzen zait zaila dela bitxikeriatik haratago joatea biniloarena.
«Asmo taktikorik ez zuen lehen lanak, baina bai erabateko ausardia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu