Orri huts eta zurian, gabezia markatuko dute, premia agerian uzteko eta helburua zehazteko. Agertoki hutsa bete egingo dute, orri zuria izkiriatzen den legez. Aktoreak izango dira tinta, eta testu bihurtuko dituzte idazleen pentsamenduak eta hitzak. Dantzarien koreografiek jarriko dituzte puntuazio ikurrak: puntu aparteak eta puntu segidak. Hala, tinta tantak etengabeak izango dira obran aurrera, espazio eszenikoa eraldatzeraino. Etxepare institutuaren «asmoen adierazpena» osatzeraino, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues Tanttaka antzerki taldeko buru eta At! ikuskizunaren zuzendariek azaldu dutenez. Euskara eta euskal kultura munduratzeko xedez jardungo den erakundea jendaurrean aurkezteko baliatuko dute Bilboko Arriaga antzokian gaur, 19:30ean hasita, egingo duten ekitaldia.
Partaidetza zabal eta askotarikoarekin ondutako adierazpena izango da. Denera, 90 bat lagunek parte hartu dute ekoizpen lanetan. Agertokian ere makina bat izango dira: 26 aktore, zazpi musikari, sei dantzari eta bi idazle. Baina horren guztiaren sorburua literatura izan da.
'Kontrapas'-en bariazioak
Bernat Etxepareren 1545eko Kontrapas poemako esaldi ezagunarekin, Jalgi hadi plazara dioeneko horrekin pieza labur bana ontzeko eskatu zieten institutuko ordezkariek euskarazko eta gaztelaniazko 25 idazleri. Eta literatur lan horiek izan dira Bernuesek zuzendutako ikuskizunaren habeak. Nolanahi ere, idazleen multzoa horren ugaria izanik, testuak ere elkarren artean arras desberdinak direla azaldu du zuzendariak. «Idazle batzuk bete-betean sartu dira Kontrapas-ean; beste batzuek nolabaiteko hurbilpena egin dute; eta badira ere oso urrutitik begiratu diotenak». Ondorioz, testu sorta zabala jaso du Bernuesek: poema, elkarrizketa, gogoeta, ipuin, saiakera eta fikzio handiko piezak.
Hainbat egilerenak dira: Uxue Alberdi, Julia Otxoa, Jose Fernandez de la Sota, Karmele Jaio, Lurdes Oñederra, Iban Zaldua, Luisa Etxenike, Unai Elorriaga, Eli Tolaretxipi, Teresa Calo, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Ramiro Pinilla, Ricardo Arregi, Mariasun Landa, Patxo Telleria, Aingeru Epaltza, Harkaitz Cano, Felipe Juaristi, Arantxa Iturbe, Itxaro Borda, Anjel Lertxundi, Aurelia Arkotxa, Kirmen Uribe eta Bernardo Atxaga. Azken bi horien testuak ez dituzte aktoreek errezitatuko, idazleek haiek baizik.
Orobat, aktore zerrenda mamitsuak parte hartuko du At!-en:Olaia Gil, Itziar Lazkano, Kike Diaz de Rada, Dorleta Urretabizkaia, Pinpix, Joseba Apaolaza, Esther Velasco, Patxo Telleria, Aitor Mazo, Patxi Perez, Vito Rogado, Aitor Beltran, Maite Agirre, Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo, Asier Hernandez, Jose Ramon Soroiz, Maite Arrese, Manu Elizondo, Miren Gaztañaga, Galder Perez, Eneko Olasagasti, Maiken Beitia, Itziar Ituño, Ander Lipus eta Naiara Arnedo.
Hortaz, Etxepare institutuaren sorrera manifestu eta intentzioen adierazpenak izenpetzaile ugari izango ditu hasieratik bertatik. Eta At!-ek iraungo duen bi orduetan gehituz joango dira, hasieran hutsik izango den agertokia betez joango den bezala. Iñaki Salvadorrek ondu du musika, eta haren piano doinuek emango diote hasiera obrari. Musikarien taldea Joli Pascualena (ahotsa), Mikel Andueza (saxofoia eta klarinetea), Julen Izarra (saxoa eta txirula), Matthieu Haranboure (baxua), Xabier Zeberio (biolin) eta Luis Caminok (perkusioa) osatuko dute. Eta dantzan, Kukai taldea arituko da, Jon Maiaren koreografiak interpretatuz.
Denen artean plazara aterako dute «nor eta zer garen. Edo, bederen, literatura, musika eta dantzaren bitartez garenaren esentziaren zati bat erakutsiko dute».
Arriagan bezala behin baino ez duten emango arren, At!-ek bidea egingo du. Obra bera bideoz grabatuko dute eta 25 egileen testuak liburu batean argitara emango dituzte, Euskal sortzaileak bildumari hasiera emanez. Hurrengo hilabeteetan poesia eta narratibako antologiak argitaratu dituzte sail horretan.
Mari Jose Olaziregi Etxepareko Euskara sustatzeko zuzendariak jakinarazi du Manhattango New York unibertsitatean Euskal literaturari buruzko Atxaga katedra sortuko dutela, baita heldu den ikasturtean Kaliforniako Stanford unibertsitatean irakurletza abian jarriko dutela ere. Irakurleen sarea zabaltzeko harremanetan dira «goi mailako beste unibertsitate» batzuekin.
Asmoen adierazpena
Etxepare institutua aurkezteko 60tik gora sortzailek ondutako 'At!' ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute gaurEuskarazko eta gaztelaniazko 25 idazleren testuak antzeztuko dituzte hainbat aktorek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu