Zinema. Estreinaldiak

Aspaldiko superheroi berdearen itzulera

Michel Gondry ('Eternal Sunshine of The Spotless Mind') zinema komertzialean murgildu da 'The Green Hornet' filmarekinTrendlek eta Strikerrek 30eko hamarkadan sortu zuten pertsonaia, irratsaio baterako

Michel Gondry frantziarraren seigarren film luzea da The Green Hornet. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Superheroiena izan da azken urteotan ekoiztetxe handiei diru gehien eman dien generoa. Ez soilik horiei, jatorrizko eskubideak dituzten argitaletxeek —DCk eta Marvelek bereziki— dirutza egin dute moda horren kontura. Mota eta kolore guztietako super-heroiek mundu osoko pantailak inbaditu dituzte; heroi ezagunenekin batera, horren ezagunak ez ziren beste batzuk agertu dira indar handiz, Iron Man esaterako.

Formula agortzen ari dela ematen du, nonbait ikusleak nekatzen hasiak dira, eta, horren ondorioz, beste azpigenero bat sortzen ari da: superheroien konbentzio eta topikoei trufa egiten dieten pelikulak. Pixarren The Incredibles (Brad Bird, 2004) izan da joera horren mugarria, baina ezin ahaztu iazko bi sorpresarik handienetakoak: Scott Pilgrim vs. The World (Edward Wright) eta Kick-ass (Matthew Vaughn).

Ildo beretik dator superheroi berdearen pelikula, The Green Hornet. Berez, pertsonaia ez da berria, oso aspaldikoa baizik. Baina zinemara salto egitearekin batera askok deskubrituko dute heroi baldar eta maitagarri hau. George W. Trendlek eta Fran Strikerrek joan den mendearen 30eko hamarkadan sortu zuten. Artean hedabiderik indartsuena irratia zen, eta irratsaio baterako sortu zuten The Green Hornet.

Hortik telebistarako saltoa egin zuen pertsonaiak. ABC telebista kateak sail bat egin zuen 1966-67 denboraldian, arrakasta handia izan zuena. Van Williams aktorea zen protagonista, eta bere ondoan gerora ezin famatuago bihurtuko zen gaztetxo bat zegoen, Bruce Lee.

Zinemagile irudimentsua

Oraingoan, Seth Rogen aktorea izan da proiektu berriaren sustatzaile nagusia. Protagonistaren rola jokatzeaz gain, Rogenek berak, Evan Goldgeren laguntzaz, pelikularen gidoia idatzi du. Eta hark aukeratu omen du zeinek zuzendu behar zuen filma, eta aukeraketa oso bitxia egin zuen.

Michel Gondry frantziarrak musikari garrantzitsu askoren bideoklipak egin zituen 90eko hamarkadaren hasieran; horietan antzematen zen zuzendariaren irudimen ia mugagabea. Zinemara jauzi egin eta berehala kultuko zuzendaria bihurtu zen, berezko estetika eta narratiba erabilita. Eternal Sunshine of the Spotless Mind (2004) pelikularekin goia jo zuen zinemagileak, eta beste pelikula interesgarri batzuk egin ditu: Human Nature, The Science of Sleep edo Be Kind Rewind.

Orain, berriz, oso bestelako abentura batean sartu da Gondry, ez baitu inoiz horren aurrekontu handia izan pelikula baterako. Baina frantziarrak probatu nahi zuen zer zen Hollywoodeko ekoizpen handi batean lan egitea. Horrez gain, txikitan superheroiaren abenturak segitu zituen, eta zirrara berezia eragiten zion hura pantaila handira eramateko aukera izateak.

Istorioaren abiapuntua ez da batere orijinala, antz handia baitu beste superheroi batenarekin: Batmanekin. Britt Reid negozio gizon inportante baten semea da, aberatsa sortzez. Halako batean aita hilko dute, eta bere eskuetan geldituko da haren negozioa. Reidek beste gauza bat du buruan, aita hil zuena aurkitu nahiko baitu, mendekua hartu. Behin horretan hasita, hirian dagoen ustelkeria eta bortizkeriaren kontra borrokatzea erabakiko du. Horretarako, ezkutuko nortasuna sortuko du: The Green Hornet.

Batman berezi honek Robin berezi bat izanen du ondoan, Kato txinatarra, Jay Chou aktoreak jokatu duen rola. Cameron Diazek egin du idazkariaren rola; gaiztoarena, berriz, Christopher Waltzek.

'THE GREEN HORNET'

Zuzendaria: Michael Gondry. Aktoreak: Seth Rogen, Jay Chou, Cameron Diaz, Christopher Waltz, Nicolas Cage, Edward James Olmos.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 115 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.