Zinema

Astelehenean hasiko dira 'Agur, Etxebeste!' filmatzen

Aupa Etxebeste! filmean aritu zen lantalde tekniko eta artistiko berbera ariko da Telmo Esnal eta Asier Altunaren zuzendaritzapean. Datorren urtean estreinatuko dute lan berria.

2005eko 'Aupa Etxebeste!' filmeko fotograma bat.
itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 23a
07:21
Entzun

Duela hamalau urte etxebestetarren familia osatu zuten Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luziano) eta Iban Garate (Iñaki) izango dira pelikula berriko protagonistak. Patrizio Etxebestek osasun arazoengatik alkatetza utzi beharko du, Maria Luisa emaztea jarriko da haren lekuan, eta horrek goitik behera aldrebestuko ditu udaletxeko egunerokoa nola etxe barruko giroa. Horra arte aurreratu dituzte Esnal eta Altuna zuzendariek istorio berriaren nondik norakoak, gaur goizean Donostiako Tabakaleran egin duten prentsa agerraldian. Gauza bat argi utzi dute: "zinema ona eta umorezkoa" egitea jarri dute helburutzat hasieratik. Esnal: "Txisteetan oinarritutako umorea izan gabe, egiten duguna zera da: pertsonaiak egoera korapilatsuetan jarri, eta ikusi nola ateratzen diren hortik. Pertsonaien arteko harremanetan dago oinarria".

Heldu den astelehenean hasita, sei aste iraungo du filmaketak. Aupa Etxebeste!-n egin bezala, Bergaran (Gipuzkoa) grabatuko dituzte kaleko irudi gehienak, eta aurreko filmerako eraikitako fikziozko etxea birsortuko dute Zinealdeko pabiloietan, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako beste herri batzuetan ere grabatuko dituzte zenbait sekuentzia; Hondarribian, Zarautzen eta Irunen, besteak beste.

Aupa Etxebeste!-k 11 astez lortu zuen zinema aretoetan egotea, eta gehien ikusi den euskarazko pelikula izan da gutxira arte, iaz Handia filma estreinatu zen arte. Publikoaren Saria ere jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta orduko oso oroitzapen onak dituztela aipatu dute bai aktoreek eta bai zuzendariek. "Esaten dute bigarren parteak zailak izaten direla, eta egia da pisu hori orain badaukagula. Hala ere, bigarren zati bat baino gehiago, beste pelikula bat izango da", adierazi du Altunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.