Juana Garcia-Pozuelo margolari espainiarraren (Logroño, 1978) Astro eroriak izeneko margolanen erakusketa dago ikusgai Bilbao Arten. Hilaren 25era arte iraungo du, eta forma eta tamaina anitzeko hamabi artelanek osatzen dute. Egilearen irudiko lan guztiek ezaugarri bi partekatzen dituzte: oihala eta kutsu anglosaxoia.
Garcia-Pozueloren iritziz, artelanetan protagonismo nabarmena du astroen munduak. «Planeta, satelite izar eta meteorologia fenomenoak azaltzen dira nire azken lanean». Baina elementu horiek ez dira margolanetan aurki daitezkeen bakarrak; etxebizitzek ere badute tokia. Beraz, artistak esan du erakusketa astroen munduan ageri diren osagaiak eraikinekin uztartuz lortutako emaitza dela. Etxebizitzak marrazteko orduan Garcia-Pozuelok argazkiak izan ditu gidari. «New Yorken izan nintzen garaian nire egunerokoaren zati ziren eraikinei argazki asko atera nizkien. Gehienak bizi nintzen inguruan ateratakoak dira». Irudi horietako batzuk erakusketaren parte direla erantsi du.
Astro eroriak lana sortzeko ideia zientzia fikziozko zinemak eta literaturak eman zioten. Haren aburuz, XX. mendean literatura arloan aldaketa handi bat izan zen. «Nire ustez, orain ehun urte arteko idazkietan beldurra ematen zutenak heriotzari lotutako elementuek ziren. Garai horretatik gaur arte, aldiz, espazioaren ezagutzarik eza da izuaren iturri nagusia. Einstein eta gainerako zientzialarienzientzia aurrerapenek erromantizismo garaiko mamuak beste toki eta denbora batera eraman baitzituen».
Erakusketa osatzeko, urtetako lana burutu du Garcia-Pozuelok. «Margolanak marrazten bi urte inguru igaro ditut. Hala ere, prozesua luzeagoa denez, hasi nintzenetik gaur arte lau bat urte pasatu dira», adierazi zuen aurkezpenean. Izan ere, ideia buruan izatetik lana bukatzeraino dokumentazio lan handia egin behar izan du.
Astroen mundua
Juana Garcia-Pozuelo artista espainiarraren hamabi lan ikusi ahalko dira Bilbao Arten hilaren 25era arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu