Kultura

Asun Balzola ilustratzaile eta idazlea hil da

Asun Balzola (Bilbo, 1942) ilustratzaile eta idazlea hil egin da. Batik bat, haur eta gazteentzako idatzi eta marraztutako liburuengatik da ezaguna, baina horrez gain, helduentzako ere idatzi du, eta halaber, ilustrazio lanak eta diseinu grafikokoak egin ditu prentsan.

2006ko ekainaren 23a
13:40
Entzun
Berak behin baino gehiagotan aitortu zuenez, pirata izatea zuen amets umetan, baina, azkenean, Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo San Fernando Akademian. 20 urterekin istripua izan eta gurpildun aulkian ibiltzen zen. Hala ere, 1967an Erromara joan zen eta han bizi hamar urtez.

Ilustratzaile eta idazlea izanik, Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxe gehienentzat egin zuen lan, baita Europako eta AEBetako hainbatentzat ere. Haur eta gazteentzako idatzi eta ilustratutako liburuengatik zen ezaguna, baina helduentzako ere idatzi zuen: Txoriburu eta Desde mis ruedas (Nire gurpiletatik) autobiografikoak argitaratu zituen azken urteetan.

Prentsarako ( El Pais, Telva, Dunia, Mia Proyecto Hombre aldizkaria...) marrazkiak ere egin zituen, eta baita publizitaterako ere.

Mariasun Landa idazlearen hainbat lan ilustratu zituen, eta eurek behin baino gehiagotan aitortu zutenez, lan talde berezia osatzen zuten.

Beste hainbat sariren artean, Bratislavako Golden Apple sari ospetsua birritan jaso zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria ere bai. 1992an Haur Liburuentzako Nazioarteko Erakundeko IBBY-ko ohorezko zerrendan jarri zuten.

Azken urteetan Madrilen bizi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.