Bost egun iraungo du Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako bidaiak. Gaur hasi eta igandea bitartean, 317 erakusmahai egongo dira bisitatzeko -iaz baino zortzi gehiago-, eta 360 nobedade ikusteko eta erosteko -iaz baino 117 gutxiago-. 10:30ean ireki ditu azokak ateak, eta bi ordu geroago egin dute inaugurazio ekitaldia, Kirmen Uriberen eskutik.
Bidaia izango da, hain zuzen ere, 41. ekitaldiko gaia. Bidaia fisikoak, fikziozkoak eta metaforikoak. Gaiaren inguruan hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egingo dituzte, euskal musika taldeen kontzertu biren inguruan, esate baterako, eta baita kontzertu bat eta film baten estreinaldia ere.
Iaz ikusle eta erosle kopurua jaitsi egin zela oharturik, azoka ekitaldiz janztea erabaki du Gerediaga elkarteak. Indartze horretan, nazioartean beste hainbat azokak egiten duten bezala, herrialde gonbidatu bat izango du aurten lehen aldiz Durangokoak: Eslovenia. Euskal Idazleen Elkarteak gonbidatuta, Alojz Ihan eta Vlado Zabot idazle esloveniarrek hartuko dute parte azokan. Aurten hasi eta aurrera begira, azokak beste herrialde batzuetako literatur errealitatea ezagutarazteko ahalegina egingo du, Idazleen Elkartearen laguntzarekin. Esloveniako literatura aukeratu dute, besteak beste, hango eta hemengo literaturek «antzekotasun handiak» dituelako.
Durangoko azoka
Ateak ireki ditu 41. Durangoko Azokak
10:30ak pasatxo zirenean ireki dituzte Landako erakustazokako ateak. Ireki aurretik jende apur bat pilatuta zegoen kanpoan, Durangoko Azokara sartzeko irrikan, eta apurka-apurka erakustazokako kale guztiak bete dituzte. Bazkalorduan behera egin du jende kopuruak, eta arratsaldean jende ugari gerturatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu