Atxaga eta Jabier Muguruza batera ariko dira Poesia Orduetan

Bide Ertzean Triok eta Jon Benitok ere musika eta poesia uztartuko dituzte Donostiako Viktoria Eugenian

Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Paradisua eta katuak emango dute astelehenean. DONOSTIA KULTURA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Poesia eta musika elkarren eskutik ibiliko dira berriro ere Poesia Orduak deituriko emanaldietan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Astelehenean, Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza elkarrekin ikusteko aukera izango da. Asteartean, berriz, Jon Benitok eta Bide Ertzean Triok lekukoa hartu eta Ez zaitut abandonatuko ikuskizuna eskainiko dute.

Ekitaldien lehen egunean, 20:00etan, Paradisua eta katuak kontaera musikatua egingo dute Atxagak eta Muguruzak. Emanaldia zuzenean grabatuko dute, eta Durangoko Azokan salgai jarriko du grabazioa Pamiela argitaletxeak. Musikariaren eta idazlearen arteko elkarlana oso aspaldikoa da; ez dute hau batera lan egiten duten lehen aldia. Muguruzak idazlearen poema asko musikatu izan ditu, eta hainbatetan batera aritu izan dira biak musika eta poesia uztartzen dituzten emanaldi batzuetan. Horietan azkenetakoa izan zen iaz aurkeztutakoa, Paradisuaz.

Bide Ertzean Triok eta Jon Benito idazleak ere musika eta poesia batuko dituzte Ez zaitut abandonatuko ikuskizunean. Asteartean izango dira Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan. «Gutxi edo asko, eta labur esanda, gu maitasun deklarazio bat egitera gatoz», azaldu du Imanol Ubeda Bide Ertzean-eko kideak. « Hainbat poetak gugan eragina izan dute, badira miresten ditugun liburuak, badira miresten ditugun poetak, eta gu Donostiako saio horretan aitortza egitera etorriko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.