Aurelio Edler Copes Donostiako Musikenen trebatutako brasildarraren obra bat estreinatuko du bihar BOSek. Gogoratzen ote du itsasoak nor dabilen bere gainetik oinez? da lanaren izenburua, eta Roberto Minczuk zuzendari dela emango du Bilbao Orkestra Sinfonikoak. Emanaldi bikoitza eskainiko du, Euskalduna jauregiko auditoriumean, bihar eta etzi, 20:00etan. Kontzertu horretan, halaber, Johannes Brahmshen Piano eta orkestrarako sinfonia Si bemol maiorrean interpretatuko du BOSek, Joaquin Atxukarro pianistarekin.
BOSekin batera, «jo eta su» entseatzen ari da egunotan Roberto Minczuk brasildarra. «60ko eta 70eko hamarkadetako musikaren eragina du Edler Copesen obrak, eta atmosferako soinuak arakatzen ditu, batik bat. Nekez aurkituko du inork tronpeta baten soinu naturala. Nolanahi den, haitzuloetako haizearen soinua sortzen du tronpetak. Soinu efektuz beteriko lana da», azaldu du Minczukek. «Duela urte batzuk obra inpresionistatzat sailkatuko zuten», uste du Atxukarrok. «Baina abstraktugia da inpresionista izateko, ez du ez doinu ez egitura zehatz eta itxirik», argitu du zuzendariak.
Emango duten bestea, alegia, Brahmshen obra «sinfonia hutsa baino lan sakonagoa» da Atxukarrorentzat. «Pianoa eta orkestraren artean harreman eta oreka perfektua ezartzen ditu». Bere ibilbidean hainbat alditan interpretatu duela dio. «Zer esan dezakegu Brahmshen pianorako kontzertuaz? Obra zirraragarria da, ordura arte pianorako eginiko lanik osatu eta konplexuena».
Atxukarro intimoa
Atxukarrok, orobat, musikaren munduan daramatzan 50 urteak ospatuko ditu herrikideekin, heldu den astelehenean. Ganbera musikako kontzertuen zikloaren barrenean, emanaldi berezi bat egingo du. Zehazki zer eskainiko duen ez du aurreratu nahi izan, baina gogokoen dituen piezak emateko eskatu diote BOSeko arduradunek. Eta itxura guztien arabera, pieza babatetik bestera saltoka ibiliko da, unean unean erabakiz zer eta nola jo.
Ibilbide luze eta joria izanagatik, kontzertu bakoitza «erronka bat» da Atxukarrorentzat. Erronkarik erronka emango du urtea. Agenda estua du. Otsailean,Alemanian, AEBetan eta Mexikon emango ditu kontzertuak.
Atxukarro eta BOSen artean, Brahmsen oreka perfektua
Euskaldunan ariko dira bihar, eta emanaldi horretan, Aurelio Edler Copesen pieza bat estreinatuko du BOSek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu