Atzera begirako kantaldia egingo dute Donostian datorren ostiralean

Txomin Artola, Gontzal Mendibil, Gorka Knorr, Urko eta Niko Etxartek euskal kantuak ekarriko dituzte gogora Trinitatean

Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Jende guztia kantuan jarriko duen kantaldia» iragarri dute datorren ostiralerako Euskal Herriko hainbat abeslari beteranok. Ez dirudi zailtasunik izango dutenik hori lortzeko, 70eko hamarkada inguruko abesti ezagunenen artean baitaude kantatuko dituztenak. Musikariek eurek ere badute sona: Txomin Artola, Gontzal Mendibil, Gorka Knorr, Urko eta Niko Etxart igoko dira abuztuaren 12an Trinitate plazako oholtza gainera, 21 kantuko errepertorioa eskainiz. Tartean, Aberriaren mugak, Bagare, Azken agurraren negarra, Donostiako hiru damatxo, Baga-biga-higa, Eperra,Merezi ote,Guk euskaraz eta beste hainbat euskal klasiko egongo dira. Kaiarriba arraun elkarteak antolatu du emanaldia, Donostiako traineruarentzat dirua biltzeko. 22:30ean hasiko da, eta 15 euro balioko du sarrerak.

Kantaldia «memoria ariketa» gisa definitu du Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak, eta abiapuntua Gu gira ekimenean aurkitzen dela gogorarazi du. Euskal kantagintzako kantu ezagunen bilduma bat kaleratuz abiatu zen ekimena, eta, ondoren, bilduma osatzen zuten artistak zuzenekoak emateko bildu ziren. Urko musikari donostiarrak ikuskizunak orain arte izan duen harrera ona nabarmendu du, baita kantarien arteko «giro zoragarria» ere. Gontzal Mendibilek, berriz, «euskal kultura indartzeko» horrelako ekimenak behar-beharrezkoak direla deritzo. «Memoria eta kantua gauzarik ederrenak dira herri batentzat, eta gizakiarentzat oro har. Kulturarik gabeko herri batek herri izateari uzten dio», esan du. Kultur egitarauetan hemengo kantagintzak tarte eskasa duela iruditzen zaio abeslari bizkaitarrari, eta «konplexuak alde batera utzita gure kultura indartu» behar dela uste du, «interkulturalitatea baztertu gabe». Urko erabat ados azaldu da harekin, eta, Donostiako jaietako kontzertuen harira sortu den eztabaida dela eta, argi esan du «oso ondo» iruditzen zaiola Berri Txarrak eta Su ta Gar taldeek kontzertua ematea Espainiako bi talderen ordez. «Hemengo taldeek eskubidea dute programazioan egoteko, izugarri talde onak ditugu gainera!», esan du. Udal berriak euskal kultura bultzatuko duela espero du, eta ez zaio ahaztu Juan Karlos Izagirre alkate berria emanaldira joatera gonbidatzea.

Ez daudenei omenaldia

Bestalde, Txomin Artolak azpimarratu du beretzat «plazer handia» dela Trinitate plazan kantatzea, bertan jo baitzuen estreinako aldiz Haizea taldearekin.Mendibilek, berriz, Bittor Kapanaga omentzeko baliatu nahi du emanaldia. Bagare kantuaren hitza idatzi zuen Kapanagak, eta orain dela hiru aste hil zen. Beste batzuk ere oroitu nahi dituzte kantaldian; Mikel Laboa, adibidez. Emanaldia iragartzeko kartelari dagokionez, Tomas Hernandez margolariak egin du, eta «etorkizunerako gordetzeko modukoa» da, Urkoren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.