Atzerantz urratu, ihes egiteko

Mikel Antzak 'Atzerri' ondu du, bere bigarren nobela, «atzerriaren mikatza eta idaztearen gozoa» nahastuz

Harkaitz Cano eta Gorka Arrese, atzo Donostian, Mikel Antzaren Atzerri nobela aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ihes egiten lagundu zien, eta, hortaz, Mikel Antza idazleak —sortzez, Mikel Albisu (Donostia, 1961)— berak ere ihes egin behar zuen, halabeharrez. Sasian ibili zen ia 20 urtez, eta badira zortzi urte kartzelan dagoela. Eta lau hormen artean espetxeratuta dagoen bitartean idatzi du Atzerri, bere bigarren eleberria. Ospitalekoak (2010) aurrenekoa bezala, Susa argitaletxeak kaleratu du. Donostian aurkeztu zuten atzo, eta Antzak idazki eta audio grabaketa bana bidali zituen Lyongo (Frantzia) Corbais espetxetik, nobelaren nondik norakoak azaltzeko. Iruditzen zaio, adibidez, «atzerriaren mikatza eta idaztearen gozoa» nahasten dituela liburuak, eta orain artean inoiz ez bezala «gozatu» duela hura idazten.

Harkaitz Canok irakurri du Atzerri, eta egileak sentimendu hori orrietan islatu duelakoan dago, «liburuak gozamen kutsakorra transmititzen duelako». Canok berak aurkeztu zuen liburua Gorka Arrese Susako editorearekin batera, Donostiako Liburutegi zaharrean egindako ekitaldi jendetsuan.

«Hainbat urte geroago» idazleak berak bere buruari kartzelatik ihes egiten lagundu behar diola interpretatu du Canok. «Nola egin? Idazle gisa berriro jaioz». Antzak bi narrazio liburu eta antzerki obra bat kaleratu zituen Susarekin 80ko hamarkadan: Lehen bilduma 82-84 (1985), Odolaren usaina (1987) eta Beteluko balnearioko mirakulua (1985). «Horretarako, bere garaian bazterrean utzitako bidera itzuli da, eta bide hori atzeraka urratuz, iraganetik, orainetik, izan zenetik, izan ez zenetik elikatu du bere burua, beti literaturaren bidez», azaldu du Canok. «Garai batean idazketan izan ez zuen erabateko fedea berreskuratu beharko du». Hori egingo du «amorruz, goxotasunez, umorez, etsipenez...». Eta, halere, «ihesean beti, bakardadearen mamua present duela».

Antzak berak argitu du nobela autobiografikoa dela. «Badu bizitakotik eta baita asmatutakotik ere». Canori iruditzen zaio irakurlearen esku utzi duela Antzak zer sartu fikzioaren zakuan, eta zer gertakarienean. Autofikzio gisa definituko luke Twist-en (Susa, 2011) egileak: «Idazlearen bizitzaren intentsitatearen eta fikzionatzeko abilidadearen arteko orekan dago autofikzioaren indarra. Bi elementu horiek bat egiten dute oso goian, eta, horregatik, interes biografiko eta intentsitate literario handiko liburua da».

Arresek liburua ardaztu duten gai nagusiak zerrendatu zituen: kartzelaren zanpaketa, ihesaren ametsa, erbestearen bakardadea, amodioaren grina, literaturaren emozioa eta liberazioa, eta klandestinitatearen zorroztasuna, besteak beste. «Maisulan bat da,xehetasunez betea, eta gertakari txundigarriz saretua ». Hain justu, xehetasun horietako batek piztuko du «liburuaren motorra», Arresek adierazi bezala; edo detaile horrek jarriko du «zentrifugatzen» liburua, Canok esan bezala. Hala, bigarren kapituluaren hasieran, presoa zigor ziega batean bakartuta dagoenean, eskatuko ditu aldizkariak, egunkariak eta beste, irakurtzeko. Emango diote deseginda eta orrialdeak horituta dituen BERRIA-ren ale, eta markatutako artikulu batek piztuko du bere arreta. Zera dio Iban Zalduak idatzitako zutabeko aipu-galderak: «Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua, Sarrionandiak Martutenetik ihes egin ez balu, eta Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik eduki izan ez balu?».

Izan ere, eta Canoren arabera, «berak ez zuen idazle izaten jarraitu, eta besteak bai». Gainera, bere bokaziorako «ezindua» sentitzen da. «Ez, ordea, fisikoki, Ospitalekoak-en bezala». Hortaz, «bere burua eta bere idazle eskuak berreskuratzea da bere helburua». Etorkizuna «bere eskuetan» hartzen saiatu nahi du atzera. «Eta horretarako bere bitartekoa liburu hau da, eta liburu honen bidez gezurtatu nahi du, nolabait, bere burua».

Ahalegin horretan «atzerri asko» biziko ditu idazleak, Canoren ustez. Hizkuntzaren atzerria, bere bokaziotik desterratua izan denarena, gorputzarena, kalean diferente ibili behar duenarena edo «izuen gordelekuetan» dabilenarena, — «pasarte hauetan espioi nobela zirraragarriena irakurtzen ari dela sentituko du irakurleak, Graham Greene edo John Le Carreren orri onenen parekoa»— atzerri hertsia edo agerikoa...

Eta «sustraiak bota ezinik sustrairik gabe errotuta» dagoen horretan, —bi urtetan 20 ohe ezberdinetan lo egin duela dio nobelan— «egunkari edo paper zahar eta berrien, edo autoreen peskizan» ibiliko da narratzailea, «dena baliagarria» delako «idazle orojalearentzat». Idazle askoren larruan bilatuko du bere «antzerri» literarioa. «Interviu, Egin, Ismail Kadare, Milan Kundera... Hori bilatzen du, hori da bere heldulekua. Hortik elikatu. Amaieran batez ere, Louis-Ferdinand Celineren Gauaren muturreraino bidaiaz baliatuko da; hori delako, hain zuzen, bere bidaia». Antzak berak Celine mintzagai izan zuen kartzelatik bidalitako idazkian; baita Zalduaren zutabea ere: «Lan honen ernamuinetariko bat izan zen». Beste idazleak soilik ez, «bere ni-ak» ere erabili ditu narratzaileak, Canoren esanetan. «Abandonatutako edo besarkatzen ausartu ez zen ni-ak bilatu ditu».

Literatura zainetan

Idazkerari dagokionez, Antzaren idazteko modu «bizi eta azkarra» nabarmenduko luke Canok: «Literatura zainetan darabil liburuak eta zainetan sentiarazten du. Urte hauetan guztietan nobelak idatzi besterik ez duela egin esango genuke, ez bageneki urte hauetan guztietan ez duela apenas literaturarik idatzi». Iruditzen zaio klandestinitateari buruz idatziko diren liburu inportante zenbaiten artean lehen liburu inportantea irakurtzen ari den sentsazioa edukiko duela irakurleak. Ihes egiteko, idazteko, atzerantz urratzen duenari buruzko lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.