Donostiako Zinemaldian estreinatzear dagoela (irailaren 25ean), jada eskatu diote Zorion perfektua-renkopia bat Sundanceko zinema jaialditik. «Baina, oraingoz, ikusteko bakarrik», egin du oharra Jabier Elortegi zuzendariak (Bermeo, 1969). «Oso pozik» gelditu da Anjel Lertxundiren izen bereko eleberria oinarri hartuta zinemarako zuzendu duen lehen filmarekin. Pausoka ekoiztetxeak eginiko enkarguan lagunen artean jardun du Elortegik; esaterako, Lertxundik berak idatzi ditu elkarrizketak. «Segurtasun handia eman zidan Anduk, lan taldean egonda», aitortu du. Dena dela, behin oinarriak finkaturik, idazlea irten egin zen lan taldetik, eta bere lana egiten utzi zion zuzendariari. Filma egiten «gozatu» egin duela dio: «Kristoren gidoia da -Pedro Fuentes eta Oliver Elder gidoilariek osatu dute- puzzle baten antzekoa, eta azkenean, argia ikusten da oso modu elegantean».
Telebistarako Goazen telesailaren filmaketa bukatzen ari da egunotan, lehenbailehen opor egun batzuk hartzeko «eta gero, bete-betean Zinemaldian sartzeko».
Zer-nolako gorputzaldia duzu Zinemaldian zure lehen film luzea estreinatzeko zain zaudela?
Ni ilusio handiarekin noa Zinemaldira. Telebistaren mundutik nator, aukera bat izan dut zinemarako film bat egiteko, eta horrekin jada oso pozik nago. Zabaltegin lehiatzea, niretzat handia da, irabazi edo ez irabazi. Irabaztea ondo dago, baina egotea bera nahikoa da.
Bertigorik eragiten al dizu jendearen harrerak?
Bai, beldur pixka bat beti daukazu. Bere seme-alaba aurkezten duenean, edonor egoten da beti pixka bat hauskor, bigun. Baina ni gustura gelditu naiz nire lanarekin.
Azken urteotako euskarazko filmak komediak izan dira. Hau ez. Gainera, gaia bera, ETAren atentatu batek eragiten duen egoera, gai potoloa da. Nola eragin dizu halako gai bat lantzeko ardurak?
Ardura jada film luze bat egitea bera da. Nik zinemari errespetu handia diot; filmak, telesailak ez bezala, betiko baitira.
Ez da gai erraza. Jende guztiak izan ditugubizikizunak, bai alde batetik bai bestetik. Litekeena da, beraz, nire lehen filma gai horri lotuta izateak beldur pixka bat ematea, baina behin filmean sartu nintzenean neure egin nuen eta kito, aurrera.
Ez duzu kezkarik gaiak agian filma bigarren planoan utziko duela eta?
Baliteke euskaldunok beti gai honi jirabiraka ibiltzea. Nik ere pentsatu nuen hasieran gai unibertsalago bat igual hobe zela, baina aldi berean, Ipar Irlandako zinema ezagutzen dugu eta oso gustura ikusten dugu.
Zineman entretenitu egin behar duzu, eta uste dut Zorion perfektua-k horretarako aukera ematen duela. Hiruzpalau emanaldi pribatu egin ditugu, eta filma bukatzen denean jendea eserlekuetan jesarrita eta isilik gelditzen da. Gero hasten da berbetan. Isiltasun horrek asko esan nahi du, pozgarria da.
Espero dut film osoari buruz hitz egingo dela, eta ez soilik gaiari buruz. Atzerrian ulertzeko moduko filma da, nahiz eta hemen hobeto ulertu.
Liburuan ez bezala, Ainhoa protagonistaren helduaroko bizitzan sakontzen du filmak. Zergatik?
Liburuak batik bat 15 urteko neskato baten bizimodua kontatzen du, ETAren atentatu baten lekuko izan eta gero nola aldatzen zaion bizitza. 80ko urteetako giroan dago kokaturik, orduko isiltasun giroan. Hogeita lau ordutan bizimodu bat nola aldatzen den kontatzen da liburuan, baina film baterako ez du ematen. Oso istorio lineala da. Ikuslea zerbaiten zain egotea nahi genuen guk, istorioa biziagoa egin nahi genuen.
Joan-etorriko istorioen zalea naiz, eta, hala, Ainhoaren bizitzako hiru denbora aldietan kontatu dugu filmeko istorioa. Gaur egungo eta lehengo istorioak gurutzatu ditugu, thriller eta amodiozko istorio batekin.
Anne Igartiburu telebista aurkezle ezaguna da Ainhoa protagonista. Zergatikaukeratu zenuen bera?
Ainhoa 35 urteko neska bat da, duela 20 urte hemendik irten eta hirira [Bartzelonara] bizitzera joan den emakume bat. Rol hori nork jokatu pentsatzen ari nintzela, kanpoan ezaguna izango zen aktore bat nahi nuen. Horregatik bota nuen Anneren izena. Pentsatu nuen ez zuela egingo, baina ustekabe handia hartu nuen gidoia irakurri eta berehala baiezkoa emanda.
Garrantzitsuena aktore protagonista aurkitzea zen, behin hura aukeratuta hautatu behar bainituen beste guztiak: Ainhoa gazteagoa [Aia Kruse], haren gurasoak [Felix Arkarazo eta Elena Irureta] eta bikotea [Alberto Berzal].
Ez al zenuen haren pertsonaia publikoak aktore lana estaliko zuen beldurrik?
Ikusleak ahaztu egin behar du Anne Igartiburu dela. Hori zen erronka: haren erakartzeko gaitasuna baliatzea baina aldi berean ahaztea Corazón telebista saioko aurkezlea dela. Horretaz oso argi hitz egin genuen, eta egia esan, Anne ezusteko handia izan da. Zorion perfektua filmeko ezustekoa Anne Igartiburu da. Lan bikaina egin du. Oso langilea da, eta Euskadira lanera etortzeko izugarrizko gogoa zuen. Hemen Anne baita, eta Madrilen, berriz, pertsonaia bat. Bartzelonan adibidez, paparazzi-ak izan genituen atzetik! Babesteko jartzen duen maskorra kendu egin zuen gure aurrean.
Aurreiritziak albo batera utzita ikusi behar da filma. Aretotik ateratakoan esango duzu gustatu zaizun edo ez zaizun gustatu.
«Aurreiritziak albo batera utzita ikusi behar da filma»
Donostiako Zinemaldian zuzendari berrien atalean lehiatuko da 'Zorion perfektua' filmarekin. Anjel Lertxundi idazlearen eleberria 'thriller' kutsuko puzzlea bihurtu du pantaila handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu