«XX. mendeko arte garaikidearen artista garrantzitsuenetakoa da, eta AEBetan nahiz Europan hari buruzko erakusketa monografiko oso gutxi egin dira. Hau Euskal Herrian izango dugun lehena da. Eta agian, azkena». Martine Soria komisarioak Bilboko BBK aretoak antolatu duen erakusketaren protagonista Jasper Johnsen lana goraipatu zuen, atzo, erakusketaren aurkezpenean. Jadanik 81 urte ditu Johnsek, eta bere teknika «etengabe» garatzen aritu da, Soriaren hitzetan. Litografia eta akuaforte teknikak erabiliz egindako 28 grabatuegongo dira ikusgai azaroaren 26ra arte.
Johnsek 1966. urtean hasi eta gaur arte egindako lanak bildu dituzte erakusketan. Universal Limited Art Editionsen (ULAE) eta Parisko Crommelynck tailerrean burututakoak. «Momentu bizien eta baliotsuen lekuko dira, emozioetan aberats-aberatsak; Johnsek egindako lan erraldoi eta bikainaren originaltasuna agerian uzten dute», arte komisarioaren ustez.
Erakusketak sortzailearen lana hobeto ezagutzeko aukera ematen du. New Yorkeko Leo Castelli arte merkatari entzutetsuaren iritziz, XX. mendeko 60ko hamarkadan goitik behera aldatu zuen Johnsek AEBetako sorkuntza plastikoaren norabidea. Haren ustez, orduan existitzen zen mugimenduaren amaiera markatu zuen ideia katalizatzaile eta espresionismo abstraktuaren oinordeko hark.
Etengabeko bilakaera
Soriaren ustez, neo-dadaismoaren sustatzailetzat hartu izan da Johns, baina sailkatu ezinezkoa da haren baitan biltzen den lana. «Egiazkoa da, iragana ukatu gabe orainean bizi den ikertzaile nekaezina». Johnsen beraren berbak ekarri ditu gogora komisarioak: «Nire lana neure lanetik elikatzen da».
XX. mendeko pop artearen ikono nagusietakoa ere bada Johns. Europako dadaismo eta surrealismo mugimenduen eragina du haren lanak. 1957. urtea oso onuragarria izan zen garai hartan 27 urte baino ez zituen artistarentzat. Leo Castellirekin elkartzeak garrantzi handia izan zuen haren ibilbidean. Castellik bere galeria Johnsen lanarekin inauguratu zuen. AEBetako publikoari artistaren lehen argizari pinturak erakutsi zizkion; banderak, dianak, zenbakiak eta alfabeto letrak irudikatzen zituztenak. Bilbon ikusgai den Target with Plaster Coasts bere obra ezagunena garai hartan egin zuen.
Herri kulturaren osagai hauek guztiak margotzea ready-madeantzeko zerbait da Johnsentzat,haien adierazkortasunagatik. Haren lanean gure sasoia irudikatzen duten irudi tipoen funtzioa dute zenbakiek, letrek eta hitzek. Horren lekuko Bilbon ikusgai dauden bi lan: 0-9 izenekoa 1975ean egin zuen, eta 0 eta 9 arteko zenbakiak ageri dira segidan. Decoy II litografia 1973an sortu zuen, urdin eta gris koloreko hizkiak tartekatuz.
Hasieran margoak grabatuaren osagarri ziren, baina gaur egun bien arteko orekarekin jolasten du Johnsek. Bere burua grisa aukeratuz agertzen du, eta koloreak erabiliz bere emozioak azaltzen ditu. Azidoak, kobreak eta kareharriak aberasten dute haren obra.
Komisarioaren esanetan, grabatu ederrak sortzeko kapaza den «artisaufina» da Johns. Bere helburua lortzeko, malabarismoak egiten ditu euskarriak menderatu eta tentsio adierazgarriz jositako espazioak eraikiz. Bertan bere pentsamendua irudikatzen du, eta bere pentsamenduak, berriz, aurre egiten die marrazketa moldeei.
Aurrenekoz, hemen
Jasper Johns estatubatuarraren erakusketa monografikoa jarri dute Bilboko BBK aretoan, lehenengoz Euskal Herrian60ko hamarkadatik gaur egunera eginiko 28 grabatu bildu dituzte erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu