musika

Aurtengo ekitaldian Santiagoko bidean barneratuko da Musika Hamabostaldia

Gaur hasi da Donostiako Musika Hamabostaldia. Ekitaldi eta kontzertu desberdinak beraz, martxan dira eta horien artean, Antzinako Musikako zikloa. Ziklo honetan bost kontzertu emango dira, La Risonanza, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Alfonso X El Sabio taldeen eskutik. Bide batez, Xakobeo urtea izanik, kostatik doan Donejakue bideko hainbat gunetan izango da Musika Hamabostaldia, erromesaren bidea goxatzeko.

2004ko abuztuaren 5a
18:57
Entzun
Gaurtik irailaren 6a bitartean, Donostia eta bere inguruak musikaz blai egingo dira. Ekitaldi guztien artean, kostako Donejakue bideko zenbait herritan egingo diren kontzertuak azpimarratu behar dira. Ekitaldi hauek, Irunen, Donostian, Zumaian eta Mutrikun zein Igeldo eta Orio bitarteko bidean egingo dira.

Kontzertu guztietan lehena Irunen ospatuko da Pentekostes parrokian. Bihar izango da eta Urueñako Laukotea arituko da. Abuztuaren 8an, musika Igeldo eta Oriorako bidean zehar zabalduko da. Zurriolako Musika Eskola eta Donostiako Galizia Etxeko gaita joleak arduratuko dira ibilbidea girotzeaz. Jarraian, abuztuaren 11n Donostiako Santa Teresa komentuan egingo dute hurrengo geldialdia eta Alfonso X El Sabio taldearen kontzertua izango da bertan. Kostaldeko bidean aurrera eginez, Zumaiara egingo dute salto abuztuaren 18an, titiriteroek beren ekitaldia eskaintzeko. Bukatzeko, abuztuaren 21ean, Donosti Ereski Eskolak amaiera emango dio Mutrikun Santiagoko bideko zikloari.

Hau ez da ordea, Donostiako Hamabostaldiko ziklo bakarra, Antzinako musikak ere tartea izango du. Gaurtik hasita hiru egunetan esaterako, La Risonanza taldea arituko da Heinrich Ignaz Franzen lana gogoratzen. Abuztuaren 9an, Iruñeko Ganbara Abesbatzak bere kontzertua eskainiko du, besteak beste, Juan de Antxietaren lanak jendeari erakusteko. Zikloko azken emankizuna, abuztuaren 11n izango da Donostiako Santa Teresa komentuan, Alfonso X El Sabio taldearen eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.