Esperimentuak egiteko laborategia da musika garaikidearen zikloa, apustu berritzaileenen txokoa. Agian horrexegatik, beste ziklo batzuk baino ikusle gutxiago erakartzen ditu. Hala ere, «publiko fidela» duela nabarmendu du Patrick Alfayak, Musika Hamabostaldiko zuzendariak, eta urtetik urtera «sendotzen» ari dela gaineratu du. Aurten, mota askotako proposamenez gozatzeko beta izango da bost emanalditan.
Marino Formentiren kontzertuak emango dio hasiera zikloari, gaur. Piano jotzaile italiar horrek Liszt inspections izeneko errezitaldia eskainiko du, konpositore hungariarraren lanik ezezagunenak gogora ekarriz. Emanaldia musikari garaikideen lanekin osatuko du:Kurtag, Ligeti, Rihm, Ustvolskaia, Berio, Murail eta Pessonen konposizioekin, hain zuzen. Bihar, Smash Ensemble taldeak bi zatitan banaturiko kontzertu bat emango du: Carmelo Bernaola musikari bizkaitarra omenduko du lehen zatian, eta, ondoren, Arnold Schoenbergen Pierrot Lunaire interpretatuko du, lan «izugarri konplexua», zikloaren koordinatzaile Ramon Lazkanoren arabera. Lazkanok eszenaratze «oso ederra» iragarri du, Jean-Philippe Desrousseaux-ek egindako txotxongilo japoniarrak ere ikuskizunaren parte izango baitira.
Ostegunean, Salzedo hirukoteak emango du kontzertua. Berezia da Marine Perez, Pauline Bartissol eta Frederique Cambrelingek osaturiko talde hori, ezohikoa baita txirula, biolontxeloa eta harpa elkartzea. Zuriñe Gerenabarrenaren Iruleak estreinatuko dute; «obra apurtzailea», autorearen arabera. Claude Debussy konpositore frantsesaren unibertsoa izan du gogoan Gerenabarrenak, «espazioan ezerezerantz» doan melodia sortzeko, «trukatuz doazen zelulen mugimendua» gogorarazten duena. Obra horrez gain, konpositore hungariarren lanak ere joko ditu Salzedo hirukoteak, Lajtha, Eotvos, Kurtag eta Pattarrenak, hain zuzen.
Txistuaren aukera askotarikoak
Hilaren 26an, bat ez, hiru lan estreinatuko dituzte. KLEM Multimedia eta Elektroakustikako Kuraia Laborategiak eta Silboberritxistua berritzeko sorturiko elkarteak lankidetzan prestaturiko kontzertua emango dute, eta txistua elektronikarekin uztartuko dute. Maria Eugenia Lucen Zargan izango da bat. Dimako (Bizkaia) paisaiari eskaini dio lana konpositoreak, elektroakustikaren bidez «txistuaren eta lurraren arteko elkarrizketa bat» sortuz. Mikel Chamizok, berriz, Danbor sortu du. Txistuaren dualtasunean oinarrituta, danborraren lekua indartu du, «ohiko botere harremanari buelta emanez». Jabier Ituarteren Ziriketa 2 ere estreinatuko dute, eta Villasol, Szigetvari eta Szigetiren lanek osatuko dute errepertorioa.
Exaudi abesbatza britainiarrak itxiko du zikloa. Alberto Posadasen Vocem Flentium estreinatzeaz gain, Gabriel Erkorekaren partitura bat, eta Scelsi, Lucier, Gervasoni eta abesbatzako zuzendari James Weeksen lan bana joko du.
Bestalde, gaur Kursaalean Orchestra of the Age of Enlightment entzuteko aukera izango da, 20:00etan. Easo abesbatzarekin batera, Liszten Fausto eta Mendelssohnen Biolinerako kontzertua interpretatuko ditu.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Ausartenen txanda
Gaur hasiko da musika garaikidearen zikloa, Marino Formenti pianistaren saioarekin; bost lan estreinatuko dituzte aurtenElektroakustikaren eta txistuaren arteko uztartzea dago proposamenen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu