Auzolanean dabiltzanei festibalera joateko deia egin die EHZk. Haien ekimenen eta gogoeten berri emateko gune berezi bat finkatuko dute. Eragileen arteko trukaketak gauzatzeaz gain, herritarrei begira auzolanean engaiatzeko gogoa ematea dute helburu. "Auzolanean egiten denaren berri emanez herritarrei ideia berriak eman nahi ditugu, dena posible delako", Txomin Catalogne EHZko kidearen hitzetan.
Lekornen izanen da aurtengo edizioa, ekainaren 28, 29 eta 30ean. Goizean egin dute prentsaurrekoa, Baionako Point 8 arte galerian. EHZ beste festibaletarik ezberdina dela nabarmendu dute: "Hau ez da musika soila, gurea haratago doa, bizipen bat gara", Eneko Etxegarai elkarteko lehendakariak dioenaz.
Programazio guztiaren berri emanen dute apirilaren 25ean. Hala ere, zati bat jakina da. Besteak beste, Fermin Muguruza, Etienne de Crezy, Belako, Herri Oihua, Anestesia eta Jimmy Cliff ariko dira Lekornen. Antzerki, eztabaida eta kontzertuz osatuko dituzte hiru egunak.