Avelino Sala artista espainiarrak (Gijon, 1972) diktadoreen mintzaldietako hizkuntz baliabideen inguruan hausnartu du Gasteizko Artiumen jarri duen Detente! (Geldi!) instalazioan. «Hitz batzuk sarri askotan errepikatzen dira, izugarria da. Francoren eta Mussoliniren hitzaldiak alderatuz gero, jabetuko gara oso antzekoak direla. Demagogia handia dute, eta, funtsean, apenas duten zentzurik. Baina ondo ematen dute. Hori da dena», azaldu du Salak. Edukien aldetik, hitzaldi horiek «propaganda hutsala» baino ez direla uste du artistak. Alabaina, «hunkigarriak» direla ohartarazi du. Alegia, entzuleak hunkitzea helburu dutela. «Horretan oinarritzen da, hain zuzen, erregimenetako dialektika».
Testu bat da obraren oinarria. Artistak zoruan idatzi du, tenperatura pinturarekin. Hizkien moldea inpertsonala da, automatikoa. Eta idazmakina batekin idatzia izan dela ematen du. Adoretzeko hitzaldiak dira, Espainiako eta Italiako diktadore faxistek nekatu arte errepikatzen zituzten berbaldi horietako pasarteak.Itxura sendoa dute, baina mamirik ez.
Obra ez dago amaitua. Salak lanean jarraituko du hurrengo bi hileetan, eta Artiumera biltzen diren ikusleekin solastatuko da, iritziak partekatu eta lana osatze aldera. Azaroaren 23a arte izango da han. Baina obra ez dute edozein modutan kenduko. Salak berak ezabatuko du, lanbasarekin.
Artistak azken urtean landu duen serie baten parte da Detente! obra. Artiumeko instalazioa egin aurretik, tankera horretako beste batzuk sortu zituen, Erromako Espainiako Akademian. Hala, Artiumeko erakusketan, obraren testuingurua ere jaso du Blanca de la Torre komisarioak, frankismo garaiko argitalpenak bilduta.
Avelino Salak hitzaldi totalitarioen hutsaltasuna aztertu du Artiumen
Gasteizko museoan aurkeztutako 'Detente!' instalazioa Franco eta Mussoliniren berbaldi zatiekin osatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu