Avenue Q antzezlana «polita, bitxia eta zertzelada umoretsu askokoa» dela esan du Gonzalo Perez ekoizleak. Datozen egunetan hori frogatzeko aukera izango da Viktoria Eugenia antzokian (Donostia). Gaurtik hasi eta igandera arte, musikalaren lau emanaldi egongo dira, egun bakoitzean bana. Gaurkoa 20:00etan hasiko da, eta baita igandekoa ere. Bihar, berriz, 19:30ean izango da, eta larunbatean, 22:30ean.
Musikala Broadwayko lan baten egokitzapena da, baina New Yorkekoaren «berdina» dela adierazi du Perezek. Emanaldian 40 panpina baino gehiago erabiltzen dituzte, eta, hala, musikala «modu lausoan» Sesame Street eta horren panpinetan oinarritzen da. Hala ere, ikuslego helduarentzat pentsatutako lana da. Antzezlanak Princetonen istorioa kontatzen du: amets ugari buruan eta poltsikoak hutsik dituela New Yorkera iristen den gazte bat da. Avenue Q-n era guztietako bizilagunak ezagutuko ditu, bizitzari zentzua ematen lagunduko diotenak.
Yllana konpainiak zuzendu du egokitzapena, eta Teatro Musical sariketan sari ugari eskuratu ditu, horien artean zuzendari onenarena. Tony sarietan ere, musikal onenaren, musika onenaren eta libreto musikal onenaren sariak jaso ditu. Sarreraren prezioa 25-30 euro artekoa da.
'Avenue Q' musikala eskainiko dute gaurtik igandera Donostian
Broadwayko antzezlana publiko helduarentzat pentsatuta dago, eta oso harrera beroa izan du orain arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu