Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hirugarren final-laurdena

Azeleratuta aurreratu

Bizi arituta, Aitor Sarriegik irabazi du hirugarren final-laurdena Hondarribian, eta Alaia Martin sailkatu da bigarrenZortziko handian hazi egin da saioa, eta gero bakarkakoetan izan dira bertso onenak

Aitor Sarriegi Amaia Agirrerekin hizketan, atzo, Hondarribian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Hondarribia
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Pentsatzen denbora handirik pasatu gabe eta kantuan bizi arituta irabazi zuen Aitor Sarriegik atzo Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena. Hala aitortu zuen azken agurrean Sarriegik berak ere. Bizi, baina kalterako izateko biziegi izan gabe jardun zen: teknikoki zuzen eta berak ohi duen baino azalekoagotik, baina balekotik gora beti, eta final-laurdenetan puntan aritzeko mailan. Ez zitzaion esfortzu handirik nabaritzen arian. Gainontzekoek baino hobeto eutsi zion orekari saio guztian.

Sei puntuko motzean eta kopletako ariketan apaletik joan zen saioa, ale solte batzuk salbu. Zortziko handian Sarriegik Alaia Martinekin egin zuen lehen ofizioa izan zen ofizioetako saiorik osoena. Orduan hasi eta hazi zen saioa, bakarkakoetan goia jo eta hamarreko txikian berriz behera egiteko.

Zortziko handian eta bakarkakoetan nabarmendu zen Martin, eta bide berari jarraitu zion Amaia Agirrek, zertxobait beheratxoagotik. Iñigo Izagirrek pixka bat beheragotik ofiziotan, eta bakarkakoan ale txukunak kantatu zituen. Gainontzekoek gora egin zutenean, bakarkakoan, eskuratu zuen puntu gutxien ordura arte ofiziotan mailari eutsiz kantatu zuen Nahikari Gabilondok. Nahasiagoa izan zen Haritz Casabalek 500 lagundik gorako plazan utzitakoa. Oro har, lehen sailkatuaren puntuek behera egin zuten arren, gainontzeko sailkatuenak Oñatiko eta Villabonako final-laurdenetako antzera geratu ziren. Sarriegi zuzenean sailkatuta, gainontzekoek biharko eta datorren asteko saioko emaitzen arabera egingo dute aurrera.

Plazer eragilearen izena

Bikote gaiak entzuten dira oraindik ere gehien ofizioetako gaietan, eta hala izatea egokitu zitzaien Sarriegiri eta Martini ere zortziko handian Itziar Etxezarretak jarritako gaian: «Bikotea zarete. Bart ametsetan zurea ez den izen bat errepikatu du Alaiak behin eta berriz». Jakin-minez zen Sarriegi bertsoaldiko lehen bertsoan: «Amesgaiztoa zenik ez esan / badakit ametsa zela / zein zen aipatzen zenuen hori / maite bazenu bezela?». Bikain eman zion azalpena Martinek: «Nahiz ametsetan egin nezakeen / plazerezko garrasia / beti jakin dut ondo bereizten / egia ta fantasia». Aurreko bertsoaldi bateko errefentziari eutsiz, plazer eragilea pisukide ohia zela ebatzi zuten. «Gure artean len ezer ez zen / ta zuk sartu dezu duda / puskatu ez da puskatu baina / pitzatuta geratu da», bukatu zuen Sarriegik bere azken bertsoa.

Bakarkakoa kirolariaren ahotik egitea egokitu zitzaion Sarriegiri. Ordura arteko bide luzean inork ez zuen kontuan hartu, eta behin irabazi zuela guztiek nahi zuten berarekin argazkia aterata. Saio guztian bezala, pentsatzen luze jardun gabe eta bizi, honela ekin zion bertsoaldiari txirrindularia balitz bezala:

Aitor Sarriegi:

Txirrindularia naiz ni
hezurra eta giharra
beste askotan sortua
beste askoren irriparra
lujozko gregario bat
hanketan daukat indarra
baina gaur nik pasatu det
aurrena helmugako marra
ta sentitzen dut guztiei
garbi azaldu beharra
gaur ez naiz hain ona eta
atzo ez nintzen hain txarra.


Bigarrena ere dotore ondu zuen: «Lore sorta bat jaso det / ilusio izugarriz / eta bi neska panpoxa hor / dauzkat ondoan irriz / baina sufrimentuaren / oroitzapenak ekarriz / uste det dena pasatu / dela izugarri neurriz / nahiz jentea gustora den / gaur nere ondoan jarriz / azkena heltzen naizenean / etorri zaitezte berriz». Lehena ez zela azkena izango kantatuz bukatu zuen bakarkakoa.

Itsutzen ari den baten larruan jarri zuen Etxezarretak Martin: «Gaixotasun bat dela eta, pixkanaka-pixkanaka gero eta gutxiago ikusiko zenuela esan zizuten. Dagoeneko hasi zara nabaritzen». Optimista jardun zen ariketa guztian, pertsonaia eta haren familia ardatz hartuta, eta gaixotasunaren gaziak tartekatuz. Ikusgarri bukatu zuen ariketa:

Alaia Martin:

Familia izana da
goxoa, maitagarria;
nahiz korapiloz beteta
dudan nire eztarria
itxaropenaren alde
egin nahi dut aldarria
etorkizuna baitago
nire eskutan jarria
ez dut galduko indarra
ez dut galduko irria
nahiz eta daukadan gaitza
den gogorra, den larria
nire geroa bihurtu
nahi nuke ikusgarria.


Orain arteko final-laurdenetan bezala, doinu luzeak aukeratu zituzten bertsolariek bakarka neurri librean aritzeko, eta zenbaitetan luzeegi ere egin zitzaien azken hiru sailkatuei, batez ere istorioa garatzekoan eta betelanean. Kartzelan, hamarreko txikian, berriz egin zuen behera saioak. Ofiziotan, ohiko denez, ez zuten emaitza finik ondu saio bukaerarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.