Bilboko Guggenheim eta Getariko (Gipuzkoa) Balentziaga museoen kudeaketan izan diren irregulartasunei buruzko ebazpen bana onartu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak; PSE-EE, PP, EHAK, EA, Aralarren botoekin onartu du Guggenheimi buruzkoa. Hau da, EAJ eta EB izan dira txostena babestu ez duten alderdi bakarrak, eta Jaurlaritzako hirukoaren barruan beste bi bazkideen kontrako jarrera hartu du EAk. Balentziaga auziari buruzkoa, berriz, aho batez onartu du.
Txosten horiek Legebiltzarreko ikerketa batzordeetan landu dira, eta, besteak beste, kasu batean zein bestean Miren Azkarate Kultura sailburuak erantzun politikoa duela esaten da. Balentziaga auzian Azkaratek berak onartu zuen batzordearen arduraren zati bat berea zela.
Ildo horretatik, Azkarateren dimisioa eskatu dute PSE-EEk, PPk eta EHAK-k Guggenheim kasuagatik, eta PPk eta EHAK-k baita Balentziaga auziagatik ere. Hitzez egin dute dimisioa eskaera, baina ez dute kargu uztea behartzeko beste urratsik eman.
Azkaratek adierazi du ez dela egia dagozkion ardurak ez dituela bere gain hartu; aitzitik, irregulartasunak antzeman zirenetik horien berri eman zuela eta jazotakoa zuzentzeko bideak jarri zituela argudiatu du eta hori dela erantzukizunez jokatzea. Horrenbestez, ez duela dimisioa emateko arrazoirik ikusten nabarmendu du.
Kultura
Azkarateren dimisioa eskatu dute PSE-EEk, PPk eta EHAK-k Guggenheim auziagatik
Eskaera hitzez egin dute, baina ez dute beste urratsik egin. Auzi horretan zein Balentziaga museoaren ingurukoan Jaurlaritzako Kultura sailburuak erantzukizun politikoa duela dioen ebazpen bana onartu ditu Eusko Legebiltzarrak; Balentziaga auzikoa aho batez eta Guggenheimi buruzkoa EAJ eta EBrena izan ezik gainerako indar politiko guztien botoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu