Ostegunetik igandera bitartean, 40 talde inguru arituko dira Mendizabalako hiru agertokietan. Taula bakoitzean lau eta sei kontzertu artean izango dira. Urtero bezala, agertokiek musikari hilberrien izenak dituzte. Hala, agertoki nagusiak Levon Helm The Bandeko bateria jotzaile eta abeslariaren izena darama; bigarrenak, Adam Yauch The Beasty Boys taldearen sortzailearena eta hirugarrenak, Bee Gees taldeko Robin Gibbena. Antolatzaileek azaldu bezala, jaialdirako 44.000 rock zale espero dituzte aurten, aurreko urtean baino 10.000 gutxiago.
Osteguna
Twisted Sister zabaltzekoJaialdia gogor hasiko da ostegunean. Zortzi orduz, rock, hard rock, metal, punk, blues rock eta rythm and blues musikaz gozatzeko aukera izango dute Mendizabalara bildutakoek. Hala, rockaren zenbait talde klasiko ikusteko aukera paregabea izango da arratsaldetik goizaldera arte. Twisted Sister eta Status Quo izango dira egun horretako kartelburu. Bule Oyster Cult, Graveyard eta Pentagram taldeak ere taula gainera igoko dira, euren azken lanetako kantak eta abesti klasikoak jotzeko.
Twisted Sister, 70eko hamarkadan New Yorken sortutako taldea, ezinbestekoa da 80ko hamarkadako hard rock eta glam musikaren historia ulertzeko. Eskarmentu handiko taldea da Long Islandeko musikariena; estudioko hamar disko dituzte, eta haien abestietako batzuk rock himno bihurtu ziren 80ko hamarkadan, hala nolaWe're Not Gonna Take It eta I Wanna Rock . Hamar urteko etenaldiaren ostean, taldea berriro bildu zen 1997an; orduz geroztik, noizbehinka biltzen dira, mundu osoko jaialdietan jotzeko. Dee Sneeder buru, taldea Europan biran ari da egunotan, eta parada egingo dute ostegunean Gasteizen beren klasikoak jotzeko.
Twisted ahizpak ez dira bakarrik izango eguneko musika menuan, eta Mendizabalan ibilbide luzeko beste zenbait talde ere arituko dira. Horien artean izango da Status Quo talde ingelesa. Sisterren ostean igoko dira agertokira, 22:25 aldera. Mende erdiko ibilbidearekin, beren lehen lanetan beat eta psikodeliatik abiatu ziren, eta, geroago, boogie eta hard rockera hurbildu. Rock ingelesaren ikur bihurtu ziren 70eko hamarkadan Down Down, Rockin' All Over The World eta Whatever You Want kantei esker. 2011n kaleratu zuten Quid Pro Quo, estudioko azken lana, eta beren betiko kantak tartekatuko dituzte.
Ostirala
Ozzy eta lagunak GasteizenBigarren urtez jarraian errepikatuko du aurten Black Sabatheko buruak, eta lagunekin kantuan arituko da Mendizabalan. Besteak beste, Geezer Butler Black Sabatheko sortzailea eta Zack Wilde gitarrista izango ditu lagun taula gainean. Estatuko beste kontzertuak bertan behera utzi badituzte ere, Ozzy eta haren lagunak Gasteizen izango dira Black Sabathen errepertorioa jotzen. Emanaldiak Black Sabathek jaialdian eman beharreko kontzertua ordezkatuko du. Izan ere, taldea 33 urteren ostean berriro biltzekoa bazen ere, Tommy Iommi gitarristaren gaixotasuna dela eta —linfoma bat dauka— bertan behera utzi behar izan dituzte disko berriaren grabazioa eta bira.
Ozzy & Friends eguneko kartelburu izango badira ere, besteak beste, The Mars Volta, Black Label Society, Rich Robinson Band eta Danko Jones ere izango dira.
Larunbata
Hegoaldeko rocka amaitzekoAmeriketako Estatu Batuetako Southern Rock-arekin emango diote amaiera jaialdiari, eta, besteak beste, Lynyrd Skynyrd eta North Mississippi Allstar Duo taldeek hegoaldeko doinuak ekarriko dituzte. Lynyrd Skynyrd 70eko hamarkadako talde handiak, Johnny Van Zant buru, Free Bird eta Sweet Home Alabama rock ereserkiak joko ditu beste askoren artean.
Country, punk, blues eta folk amerikarrak rock zaleak dantzan jarriko dituzte. Beste askoren artean, The Darkness, Ben Kweller, The Union, Charles Bradley, M. Ward eta Hank 3 ikusteko aukera izango da baita ere. Hank Williamsen iloba eta Williams Jr. -en semea da Hank 3, eta punk eta countryaren adarrak jorratuko ditu. M. Warden eskutik, blues, country, folk eta rock-and-roll doinuez gozatzeko aukera izango da. My Morning Jacket talde estatubatuarra ere berton izango da; taldeak arrakasta handia lortu du bere herrialdean, eta oso ezaguna da beren zuzeneko emanaldiengatik.