Francis Bacon

Bacon, eta bere eraginak

Guggenheim museoak zabaldu duen Francis Bacon: Picassotik Velazquezera erakusketa 2017ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai.

jarraia127241.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko irailaren 29a
14:05
Entzun

Picassoren artelan bat ikusi zuenean piztu omen zitzaion Francis Baconi (Dublin, 1909–Madril, 1992) margolari izateko grina. 1927. urtea zen, eta Parisko Paul Rosenberg galerian izan zen Bacon nerabeari txundigarria iruditu zitzaion Picassoren lana. Orduan erabaki zuen margotzen hastea, eta, 1931n lehen koadroa egin zuenetik, hil zen artean horretan aritu zen. Ibilbide horretako lanen atzera begirako bat egin du Guggenheim museoak Francis Bacon: Picassotik Velazquezera erakusketarekin. Haren margoak eta haren ibilbidean eragina izan duten artisten artelanak bildu dituzte. Denetara, 80 artelan. Mugarritzat jo du erakusketa Martin Harrison komisarioak, eta nabarmendu du zaila izan dela bildu dituzten artelan asko biltzea. Erakusgai dauden margo batzuk “inoiz ikusi gabeak” direla esan du. Artista irlandarraren lanez gain, Pablo Picasso, Diego Velazquez, Juan Gris, Joan Miro, Toulouse Lautreck, Francisco Zurbaran eta Auguste Rodinen piezak ere ikusi ahal izango dira.

Iturri ugari eta anitzetatik edan zuen Baconek, baina bere estilo propioa garatu zuen. 1931 eta 1932. urteen artean egindako lehen pinturetatik bat bera ere ez da ezagutzen, artistak erre egin zituelako. Baina bada 1933. urteko bat. Harrisonen arabera, “garbi ikusten da haren eragin kubista”. 1936 eta 1944. urteen artean egin zuena ere ez da ezagutzen, horiek ere erre zituelako Baconek, baina ospea eta onarpena 35 urterekin iritsi zitzaion. Ordutik aurrerako lanak dira ezagunenak, eta horietan “urratzailea izan zen bere bizitza eta obrarekiko; ordura arte hausteko zailak ziren muga batzuk gainditu zituelako, gizakia era gordin eta bortitz batean irudikatuta”. Bere margolanetan pertsonaia bakartiak agertzen dira egunerokotasuneko jarrera batean, baina horiek modu basatian bihurritu eta eraldatzen ditu Baconek. Horregatik esan du komisarioak “erretratua berrasmatu” zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.