Hirurogeiko hamarraldia urratu berria da, eta, haren ondoan eseri orduko, jakintza eta patxada antzematen zaizkio Menna Elfyni (Swansea, Gales, 1951). Ibilbide oparoa duen idazlea izaki, gainbegiratu arina egin diogu, atzekoz aurrera.
Has gaitezen amaieratik. Zer moduz Donostian?
Ezin hobeto! Nire itzultzaile Eli Tolaretxipik gidatu nau, irakurraldi batzuk egin ditugu, eta Arantzazu Fernandezek lagundu gaitu euskararekin. Zoragarria izan da. Nolabait, artista babes-emailea izan naiz haientzat. Galesez irakurri dut; izan ere, jendeak hizkuntza hori entzun nahi duelakoan nago.
Poeta zaitugu, gidoilari, zutabegile, irakasle… Aldakortasun hori hautazkoa al da zuretzat, ala irauteko beharrezkoa?
Egia esan, gozatzen dut egiten dudanarekin. Unibertsitatean, sormenezko idazmen kontuetan aritzen naiz, bai masterretan, baita doktoregoetan ere. Hortaz, makina bat idazle berri ezagutzen ditut, eta, azken urteotan, nire ikasle izandako askoren lanak argitaratu dituzte.
2010ean, Sunflowers in your Eyes (Ekiloreak zure begietan) antologia editatu zenuen, Zimbabweko lau emakume poetaren lanekin. Nolako esperientzia izan zen?
Abentura zoragarria, benetan. Izan ere, lehen aldia zen Zimbabwen emakumeek idatzitako poesia antologia bat argitaratzen zena. Harrigarria dirudi hemendik ikusita, baina aldaketa handia esan nahi du han. Gainera, irakurraldi batzuk antolatu genituen Londresen eta Galesen. Ezin izan genituen lau poetak ekarri, baina erdiak bai, behintzat. Esperientziak balio izan zigun konturatzeko zein zaila den ezer argitaratzea halako herrialdeetan. Eta, amaitu ondoren, atsegin handia izan zen haientzat itxura oneko liburu bat ikustea.
Perffaith Nam (Orban Perfektua) zure poema liburuak akatsa arakatzen du. Zure gai nagusietariko bat al da?
Artea interesatzen zait, perfektu izateko gogo hori. Baina, era berean, badakit sortzen dugun edozerk akatsa duela barruan. Horrenbestez, poema sorta bati ekin nion, egiteko gai ez nintzen gauzei buruz idazteko. Esaterako, txikitan ez nekien r hizkia ondo ahoskatzen. Galesez, gainera, kontsonante garrantzitsua da, oso. Orduan, hitz egiteari utzi nion, r haiek saihesteko. Baina azkenean lortu dut, gogor saiatzearen poderioz. Oraindik ere badira egiteko gauza ez naizen gauza asko: adibidez, inork ez zidan irakatsi zapaten lokarriak lotzen, eta oraindik ere ez dakit. Beraz, bai, akatsa behin eta berriro itzultzen den gai bat da niretzat.
Telebistarako ere lan egin izan duzu. Besteak beste, Guinever's Wedding atala idatzi zenuen BBC Welsh History-k eskatuta. Zer beste lan egin duzu ikus-entzunezkoetan?
Vietnami buruzko dokumental bat idatzi nuen 1994an, eta, urtebete geroago, filmatzera joan ginen. Argi esanda, Vietnam izan zen serioski idaztera bultzatu ninduen gerra. Jakina denez, hura izan zen lehenengo gerra telebistaz eman zutena. Horrez gain, Mexikon nengoelarik, kaleko umeei buruzko nobela bat idatzi nuen, eta dokumental bat egin.
Baduzu eskarmentua hezkuntzan ere. Nola ikusten duzu, egun, haurren eta galesaren arteko harremana?
Sormenezko idazmena lantzeko ikastaro ugari egin izan ditut Galesko eskoletan. Galesak estatuaren babesa behar du, hizkuntza gutxitua izanik irauteko borrokan delako oraindik ere, euskara bezala. Ezkorrenek esaten dute 3.000 hiztun galtzen ditugula urtero, baina inork ez du esaten zenbat sortzen diren!
Beraz, baikorra zara galesaren etorkizunaren inguruan?
Idazle gisa, uste dut baikor izan behar dudala. Sinetsi egin behar dut iraungo duela; bestela, akabo.
Goazen orain 1995era. Tony Conram kritikariak idatzi zuen zeu zinela «1.500 urtean Galestik kanpo ezagun izateko benetako ahalegina egin duen Galesko lehendabiziko poeta». Nola sentitu zinen?
Tira. Esaldi horretatik, ez dut gustuko «benetako ahalegin» hori; izan ere, iradokitzen du helburu argi batzuk neuzkala, eta ez zen hala. Izatez, zenbait poesia jaialditan parte hartu nuen, eta ingelesezko itzulpenak behar nituen.
Munduan barrena mugitzen duzu galesezko poesia. Pizgarri al zara hizkuntza gutxituetako idazleentzat?
Hala espero dut. Zimbabwera joan ginenean, jendea konturatzen hasi zen uste baino gaitasun handiagoa dugula. Munduan milaka hizkuntza gutxitu daude, eta milioika lagunek erabiltzen dituzte. Babestu egin behar ditugu, balio handia baitute elkar hobeto ulertzeko, eta kultura banatzeko. Hartara, ez gara mugituko norbera bere zirkulutxoan, baizik eta zirkulu zabalagoetan.
Duela 35 urte argitaratu zenuen lehenengo liburua. Gogoan al daukazu hasiberriaren zirrara?
Bai. Uste dut mundu guztia oroitzen dela lehenengo liburuaz. Baina, niri neuri, sari handi bat eman zidaten lehen lana argitaratu eta urtebetera. Hori bai izan zela garrantzitsua niretzat, balioa eman zidalako, eta nolabait esan zidatelako: «Ados, poeta izango zara». Dena den, zaila egiten zait «poeta naiz» esatea, eta, emakume naizenez gero, are zailago; baina ikasi dut hori esaten eta onartzen. Zahartu ahala, gehiago izutzen nau liburu berri bat kaleratzeak; ez daukat gaztetako sentipen asegarririk. Baina, hara! Datorren irailean kaleratuko dudan Murmur lanak Londresko Poetry Book Societyren itzulpen saria eskuratu zuen. Hautagaien artean baziren poeta bikainak, tartean Lorca eta Neruda, baina nirea aukeratu zuten. Ezin dut sinetsi.
Literatura. Menna Elfyn. Idazlea
«Badakit sortzen dugun edozerk akatsa duela barruan»
Galesko poetarik ezagunena da Menna Elfyn. Joan den astean Donostian izan zen, 'Parffaith Nam' lanaren gaztelaniazko edizioa aurkezten ('Mancha perfecta', Trea) eta irakurraldi bat egiten, Literaktum jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu