Angel Unzu. Gitarra jotzailea

«Badira asko aspertzen nauten gitarra jotzaile apartak»

Sona lortu du beste kantari eta musikarien laguntzaile edo musika moldatzaile gisa, baina bere lengoaia ere topatu nahi du bakarkako hirugarren lanarekin.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Izenburuak ez zaizkio batere interesatzen. Horren adierazgarri da kaleratu berri duen diskoko pieza batek ez duela izenbururik, eta, besterik ezean, beste lauri ere hilen izenak jarri dizkiela. Baina esanguratsuak dira, hala ere, batez ere Abril izenekoa: «2008ko apirila ez dut sekula ahaztuko, horren gaizki igaro nuen! Ezin nuen pieza horrekin aurrera egin, ez nuen aurkitzen bidea». Tiempo de búsqueda du izenburutzat Angel Unzuren (Iruñea, 1961) fruitu berriak, Alemaniako Acoustic Music diskoetxearekin kaleraturiko gitarra hutsezko lanak. Bilaketa garaia igaro da, eta, kostata bada ere, aurkitu du bidea.

Ia ezinezkoa dirudi hamar hatzekin diskoan dauden soinu guztiak ateratzea. Nola egiten duzu?

Bila ibilita. Gitarrarekin bakarkako kontzertuak ematen ia 15 urte daramatzat. Hasieratik konturatu nintzen gisa horietako kontzertuak niri ere entzuteko nekagarri egiten zitzaizkidala. Hamabost minutu entzun ditzakezu, baina hortik aurrerakoak... Tinbre bakar bat izanik, entzuleak beti bukatuko du asperturik, gitarra jotzailea edozein delarik ere. Zoritxarrez, nik ezin dut txeloa edo biolina edo klarinetea jo. Gitarra da nire instrumentua, eta hasi nintzen ikertzen zer egin nezakeen gitarrarekin, aurrez nuen teknikaz gain, alegia.

Eta zer ikasi duzu ikerketa horretatik?

Ikasi dut, adibidez, soken artean lapitz bat sartuz beste soinu bat ateratzen dela, edota ping-pongeko pilota batzuk gitarran sartuz beste soinu bat lortzen dela, eta soinu hori lortzeko modu bakarra hori dela. Horrelako gauza sinpleak ikasi ditut, baina baliagarri zaizkit.

Ez da oso ohiko gitarra hutsez osaturiko disko bat argitaratzea gurean eta garaiotan. Galbidean dagoen espezie bateko kide sentitzen zara?

Ez da oso ohikoa hemen, baina atzerrian badira gehiago. Munduan gitarra jotzaile asko dago halakoak egiten. 1999an Argentinara joan nintzen aurrenekoz kontzertu batzuk egitera, eta ezusteko handia hartunuen, gitarra jotzaile bakarlari mordoa baitago han. Europan ere badira zirkuituak. Eta diskoa kaleratu didan Alemaniako diskoetxeak katalogo oso bat du gitarra jotzaile bakarlariekin. Beraz, konturatzen zara munduan badirela nire tankerako zoroak... Baina hemen arraroa da, bai.

Ezagunagoa zara beste estilo batzuetako kantari eta musikari batzuen laguntzaile gisa egindako lanarengatik. Etsipena sentiarazten al dizu horrek?

Bakoitzak duen beharraren araberakoa da hori. Lan pertsonal bat egiteko beharra sentitzen ez duenarentzat, lan zoragarria izan daiteke beste batzuei laguntzea, diskoetan moldaketak egitea... Nik neuk beste behar bat ere sentitzen dut: nire espresabidea aurkitzekoa, alegia.

Oso sentipen desberdinak izango dira, ezta?

Bai, oso. Bai onerako eta bai txarrerako. Zure bidea egiteko eremu zabal bat duzu zuretzat, baina baita oso gogorra ere, gauza asko eta asko dituzulako egiteko. Batzuetan errazagoa baita bidea edo norabidea marka diezazuten.

Zer irakaspen atera duzu, esaterako, Benito Lertxundirekin edo Ganbararekin egindako lankidetzetatik?

Musikari kontuei dagozkienak baino gehiago, lan egitekoeta bizitzeko moduetatik ikasi dut.

Lan berriaren izenburuak agerian uzten du bilatze garai batean zaudela. Zeren bila dabil Angel Unzu musikaria?

Orain arteko beste lanetan lortu ez duen soinu baten bila. Musika sustengatzen duten lau zutabe nagusiak melodia, harmonia, erritmoa eta forma dira. Eta, azken lan honetarako, forman jarri dut arreta bereziki. Orain arte estruktura sinpleagoak egin izan ditut, jazz munduarekin lotuagoak. Jazz musikariei ez zaie estruktura interesatzen: inprobisazioa interesatzen zie. Jazzeko egitura horiek pixka bat txiki geratzen zitzaizkidan, eta sentitzen nuen beharra haritik gehiago tira egiteko. Ideia bat izan eta hari gehiago tiratzeko beharra alegia.

Gitarrista bai, baina konpositore zaren segurtasunik ez duzula esan duzu, baina diskoko pieza guztiak zeuk sortu dituzu...

Sentipen bat da, besterik gabe. Oso aldian behin konposatu izan dut. Ez da nire ohiko lana; nik gitarra jotzailetzat dut neure burua... Konpositore naizela esateak beldur pixka bat ematen dit.

Eta beldurra ematen al dizu soilik birtuosotzat har zaitzaten?

Batzuetan irakurri dut horrela deitu izan didatela, eta gustatu izan zait, azken finean laudorioak baitira. Baina, beste alde batetik, birtuosismoa ez zait askorik interesatzen. Badira asko aspertzen nauten gitarra jotzaile apartak. Etengabe erakutsi nahi dute birtuosoak direla, eta horregatik aspertzen naute. Birtuosismoak aspertu egiten nau. Akaso da ni ez naizelako birtuoso izugarri bat eta inbidia diedalako.

Diskoko bi kantuk zure eraginei egiten diete erreferentzia. Zein dira erreferentzia horiek?

Beti nabil erreferentzia berberekin bueltaka. Influencias I izeneko pieza kontzienteki hala sorturikoa da. Ralph Towner gitarra jotzaile estatubatuarraren eran jotako kantu bat da. Jazza asko gustatzen zitzaidan garaian deskubritu nuen, eta konturatu nintzen jazza gitarra klasikoarekin jotzen zuela, eta are postura klasikoarekin. Eta, gainera, bakarkako kontzertuak ematen zituen. Esan nuen: «Nik handitan halakoa izan nahi dut». Niretzat ia obsesio bihurtu da tipo hori, eta saiatu naiz estetika hori kopiatzen. Influencias II erabat kontrakoa izan zen; pieza bat sortu nuen, eta konturatu nintzen Egberto Gismonti gitarra eta piano jotzaile brasildarraren formula asko erabili nituela.

Zure lehen bi lanetan jazzera eta orkestra musikara hurbildu zinen, batez ere. Orain, klasikora. Zergatik?

Jazzean inprobisazioa erabiltzen da beste ezeren gainetik, eta ni ez naiz inprobisatzile bat, nire inprobisatzeko gaitasuna mugatua da. Ez nuen egin nahi beste disko bat leit motiv nagusi gisa inprobisazioa zukeena. Piezen garapenean jarri nahi nuen indarra, piezak sakondu nahi nituen eta hori egiten da musika klasikoan.

Zer hartu eta zer kenduko zenieke gitarra jotzaile klasiko bati, jazz gitarra jotzaile bati eta flamenko bati?

Jazz gitarristei ez zaie hainbeste ardura konposizioa: inprobisazioa ardura zaie. Gustatuko litzaidake zenbait jazz gitarristak piezak gehiago garatzea. Eta, aldiz, gitarra jotzaile klasikoak gehixeago inprobisatzeko gaitasuna izatea. Klasikoa oso itxia da, eta asko kostatzen zaie hortik ateratzea, nahiz eta batzuk badauden. Gitarraren munduan flamenkoa oso berezia izan da, bonba bat. Garai batean, gitarra jotzaile klasikoek gaizki begiratzen zieten flamenkoei, baina flamenkoak irauli egin du gitarra, musikaren teoriaz gutxi jakinik, gainera. Zerbait eskatzekotan, hori eskatuko nieke, musika teoriaren ezagutza handiagoa, gaitasun tekniko eta emozionalak soberan dituzte eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.