Bakarrik ez daudelako

Rafael Herreroren 'No me hagas daño' genero indarkeriari buruzko antzezlana estreinatuko du Tanttakak bihar

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gizon batek bi ukabilkada eman dizkio 35 urteko andre bati. Emakumea lurrera erori da, konortea galdu du, eta ingurutik pasatzen den jendeak ez du ezer egiten. Rafael Herrero idazleak bezperan telebistan ikusitako irudiez gogoeta egin zuen, Fernando Bernues zuzendariarekin batera, atzo, No me hagas daño antzezlana aurkezteko agerraldian. Halako albisteek jendea nekatzen dutela baina horregatik ere hor egoten jarraitzen dutela uste dute. Zertarako eraman antzokira genero indarkeriaren gaia? Biek bat egin zuten erantzunean: «Egoera horretan dauden emakumeek bakarrik ez daudela jakin dezaten». Tanttaka konpainiak Donostiako Antzoki Zaharrean bihar estreinatuko du Herrerok idatzi eta Bernuesek zuzendutako lana.

Kutxak antolatutako Donostia Hiria irabazi du aurten Herreroren lanak, gaztelaniazko antzerkiaren atalean, eta Kutxaren laguntzaz taularatuko da. «Hunkitzen, bekaizten, artegatzen eta mintzen» duen testua idatzi zuela eta lana taularatuta ametsa bete zaiola azaldu zuen idazleak. Testuaren «indarrak eta tentsio dramatikoak» erakarri zutelaesan zuen Bernuesek, eta baita istorioaren testuinguru soziologikoak ere, tratu txarrak ez direla bakarrik gizarte klase apaletan gertatzen erakusten duelako.

Hain zuzen, unibertsitate irakasle bikaina da Raul (Kike Diaz de Rada), eta tratu txarrak ematen dizkio Luisa emazteari (Maiken Beitia). «Gaiztoaren rola» jokatzeko desiratzen zegoela azaldu zuen Diaz de Radak, baina egokitu zaiona «gaiztoetan gaiztoena, pertsona eta pertsonaia gisa arbuiagarria» dela iritzi zion. Luisak, berriz, aurten genero indarkeriak hildako «emakume guztien ahotsa» ordezka dezakeela uste du Beitiak.

Tania de la Cruzek, Isidoro Fernandezek eta Olaia Gilek osatzen dute antzezlaneko aktore taldea. Antzezlanarekin, paperean irudikatu zituen pertsonaiak «hazi» egin direla, «errealagoak» direla uste du Herrerok, eta pozarren agertu da aktoreen lanarekin.

Aulkiek utzitako «orbana»

Testuan deskribatutako espazio hutsean antzokiko aulki ilara bat jarri du konpainiak. Han kokatuko dira aktoreak antzezten ari ez direnean, eta, aldi berean, indarkeria matxistak hildakoek utzitako «orbana» irudikatuko du jarlekuetan geratuko den hutsuneak. Andres Nagel eskultoreak eginiko bi aulki ere izango dira taula gainean, emakumea eta gizona orrdezkatzen dituztenak.

No me hagas daño-rekin hasiko da genero indarkeriari buruz Donostia Kulturak antolatutako antzerki zikloa. Hiru egunez Donostian egin ostean, Santurtzi, Eibar, Gasteiz eta Arrasaten ikusi ahalko da, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.