Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren proiektu nagusietako bat izango dena, Bake-ituna izenekoa, aurkeztu dute gaur arduradunek, Madrilgo Prado museoan. Bakea, artearen nahiz zuzenbidearen historian nola irudikatu izan den aztertuko du egitasmoak, hainbat erakusketa, ikerketa eta argitalpenen eskutik. Zazpi artista garaikidek ere beren sorkuntzak garatuko dituzte egitasmoaren harira.
Donostian zabalduko dute 1516-2016. Bake-itunak erakusketa nagusia, ekainaren 18tik aurrera, San Telmo museoaren eta Koldo Mitxelena Kulturunearen artean banatuta. Nazioarteko 21 museotako funtsetatik —Parisko Louvre nahiz Madrilgo Reina Sofia eta Prado museoetatik, besteak beste— ekarritako piezak jarriko dituzte ikusgai, 400 obra baino gehiago. Izen handiko artisten lanak ikusi ahalko dira, hala nola, Francisco Goya, Peter Paul Rubens, Bartolome Esteban Murillo, Jose Ribera, Pablo Picasso, Charles Edouard Le Corbusier, Maruja Mallo, Elena Asins, Alice Creischer, Nancy Spero eta Sophie Ristelhueber artistenak. Urrira bitartean egongo da zabalik.
Halaber, proiektuari "sakontasuna eta testuingurua" emango dioten beste zazpi erakusketa txikiago izango dira; gertakari historiko banari erreparatuko dio bakoitzak, "Urtubiako bake itunetik Aljerreko elkarrizketetara", eta Euskal Herriko hainbat museotan zabalduko dira. Horiekin batera, Salamancako Unibertsitateak (Espainia) Josep Maria Serti eta Nazioen Ligari buruzko mostra bat hartuko du.
Bestalde, proiektuaren mamiari beste ikuspuntu batzuetatik helduko diote zazpi artista garaikidek: Ibon Aranberri; Eduardo Molinari/Archivo Caminante; Ines Doujak eta John Barker; Mitra Farahani; Juan Luis Moraza; Alejandra Riera; eta Asier Mendizabal. Gipuzkoako hainbat herritan esku-hartzeak egingo dituzte, baita pieza eskultoriko nahiz zinematografiko berriak sortu ere, "gogoeta eta pentsamendu kritikoa" bultzatzeko xedearekin.
Horien guztien osagarri, hainbat argitalpen plazaratuko dituzte.
Egitasmoa Santi Erasoren ideia izan zela azaldu dute arduradunek (D2016ko lehen zuzendaria izan zen), eta Pedro G. Romerok egin dituela komisario lanak. Donostia 2016k San Telmo museoarekin eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatu du proiektua, zenbait entitateren babesarekin (Telefonica da babesle nagusia, eta EU-Japan Fest-en nahiz Flandriako Gobernuaren laguntza ere jaso du), eta hainbat museo eta arte-espaziorekin lankidetzan, besteak beste, Louvre Museoa, Pompidou Zentroa, Prado Museoa, Reina Sofia Arte Zentroa, Museu Nacional d’Art de Catalunya, Museu d’Art Contemporani de Barcelona, Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Baionako Euskal Museoa, Jorge Oteiza Fundazio-Museoa, Zumalakarregi Museoa, Tapies Fundazioa eta Salamancako Unibertsitatea.