Hilberria. Facundo Cabral

Bakeari abestu ziona tiroz hil dute

Ainhoa Sarasola.
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kritika soziala eta espiritualtasuna bere musika ibilbidearen ardatzak izan ziren. Pobreziatik atera, eta gitarra lagun, herriari eta bakeari kantatu zien. Berrogei urte eman zituen mezu hori zabaltzen Facundo Cabral poeta argentinarrak, Unescok 1996an Bakearen Munduko Mezulari izendatzeraino. Tiroka hil zuten atzo goizean, Guatemalako hiriburuan, 74 urte zituela.

1937an jaio zen, La Platako familia txiro batean, eta oso gazterik hasi zen nekazari lanetan. Giro horretan ezagutu zituen Argentinako herri kantak, baita espiritualtasunerako atea ireki zion eskale bat ere. Mar del Platara jo zuen musikari gisa aritzeko, eta 1970ean iritsi zitzaion ospea, No soy de aquí, ni soy de allá kantuarekin. Diktadurarekin Mexikora ihes egin behar izan zuen, eta ibilbide arrakastatsua egina zuela itzuli zen sorterrira, 1984an. Dozenaka disko eta hainbat liburu ondu zituen. Erretiroa hartzeko biraren barruan, Guatemalan abestu ostean, Nikaraguara joatekoa zen atzo. Bere ideiengatik hil dutela salatu du Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saridunak. Haren alde kandelak eta loreak jarri zituzten herritarrek atzo, hilketaren lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.