Bakeaz, eta gehiago

Bakeari eta beste hainbat gairi buruzko poemak errezitatu dituzte 50 artistak Bilbon, 2012 Euskadi fundazioak antolatutako nazioarteko poesia jaialdiaren barruan.

Felipe Juaristi, Jose Fernandez de la Sota eta Ana Rossetti, agertokian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Beti ez dira batera hiltzen haragia eta hitzak». Munduko poetek Bilboko Euskalduna jauregian atzo jositako etengabeko errezitaldian euskaraz entzundako bertso apurrenetakoa izan zen. Seneka, Wilde, Baudelaire, Bilintx, Woolf eta beste hainbat sortzaileren bizitza eta heriotza tragikoak gogoan izan zituen Felipe Juaristik Historia olerkian; haien obrek denboraren lehia irabazi zuten, hitzek iraun egiten dutelako. Eta, hain justu, hitza izan zen atzo protagonista: «elkar ulertzeko eta emozioak partekatzeko tresna», poesian bilduta.

Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2012 fundazioak prestatutako nazioarteko poesia jaialdiaren jarduera nagusia egiten ari dira asteburuan. Askoren izenean: pido la paz y la palabra proiektuan, bakeari buruz hausnartzera deitu dituzte mundu osoko 50 poeta ezagun, bakegintzan kulturak daukan zeregina aitortze bidean; antolatzaileen hitzetan: «Poesiak egia handiak azaleratzen ditu, kontraesankorrak izan arren». Hartara, agertokian, kolore aldakorretako argi ahulek girotuta, aretoko isiltasunari aurre egin behar izan zioten ia hogei artistak, 11:15etik 19:30era iraun zuen etengabeko errezitaldian.

Blas de Otero poeta bilbotarraren olerkia du oinarri jaialdiaren izenburuak, eta olerki hori irakurriz abiatu zuen errezitaldia Cristina Peri Rossik, goizean. Umorezko piezak indarkeriari buruzkoekin tartekatu zituen Uruguaiko poetak, eta azken olerkian Ciudad Juarezko emakumeei omenaldia eginez utzi zion lekua Karen Connellyri. «Hitzak aldaketarako tresnak dira. Indarkeriak amaitzen direnean, hitzak baino ez dira geratzen», esan zuen kanadarrak, poema bakarra errezitatu aurretik.

Poesiak, zubi lana

Baina zer egiteko du poesiak bakegintzan? Bitartekaritza lana, Anna Crowe eskoziarraren ustez: «Poesia zubi bat da, hizkuntzen artean, buruen artean, jendeen artean. Bakearen tresna da: poesia idaztea eta itzultzea gerra egitearen erabat kontrakoa da». Ildo horretatik, Oteroren olerkia izan zuen hizpide: «Bakea eta hitza eskatzen dut» esaldia «ezin hobea» da, haren ustez, «poesiaren egia biltzeko». Olerkia «bikaina» da lelo gisa, baina «poesiarekin duen harremana da bikaina batik bat», Joan Margariten arabera, «eta adin jakin bat dugunoi gaztaroa dakarkigu burura».

Herrialde Katalanetako poeta famatuenetakoarentzat, gauza asko ditu Oteroren piezak, «baina gauza horietako batek ere ez gaitu behartzen soilik bakeaz hitz egitera». Izan ere, bakeaz ez ezik, naturaz, bakardadeaz, maitasunaz, Holokaustoaz... errezitatu zuten atzo. Poema on bat egitea «oso zaila» dela azalduz argudiatu zuen Margaritek gaitegia zabaldu izana: «Ezagutzen ez duzun pertsona batek nahi duenari aurrea hartu behar diozu, zuk idatzitakoan bere burua ikus dezan. Joko ia ezinezko horretan, gai bakarrari buruz idaztea ia ezinezkoa da».

Aurretik dozenaka aldiz osatutako bikotea errepikatu zuten Margaritek eta Crowek agertokian, arratsaldez. Poema laburrak hobetsi zituzten, «sendoak». Ingelesa eta gaztelania uztartu zituen Crowek, gerraz, seme-alabak galdutako gurasoez, Edinburgoko kaleez eta duela zortzi urte bat-batean hildako ahizpaz mintzatzeko.

Margarit, berriz, katalanez jardun zen, baina gaztelaniaratutako bertsoak ere errezitatu zituen, pasio handiz, ahotsaren bidez larridura, amorrua, etsipena, maitasuna, irmotasuna adieraziz. Txalo zaparrada jaso zuen, La Libertad azken poeman askatasunaren aldagaiak aletu zituenean: goizaldean metroan mehatxatzen gaituen arriskua da askatasuna; egunkaria, egun amaieran; parkeetan amodioa egitea; greba orokorreko egunaren goiztiria; aske hiltzea; errege bat trenez erbesterantz ateratzea...

Ildo horretatik jarraitu zuen Jose Fernandez de la Sotak, oso poema politikoak aukeratu baitzituen galera, beldurra —«mundua mugitzen du»— edota artisten eta agintarien arteko harremanak jorratzeko. Ana Rossetti, ordea, Omako basoak eragindako «ilusio sentsazio berezia» azaltzen hasi zen, baina migrazioak izan zituen hizpide bere txandan.

Poesia musikatuari lekua

Baina ahotsa ez zen une oro bakarrik egon atzo. Areto batean etengabeko errezitaldia egiten zuten bitartean, kontzertu poetikoa osatu zuten bestean. Arratsaldeko saioan, Joserra Senperenak piano doinu klasikoak erantsi zizkien kontakizun, poema eta abestiei.

Argazki proiekzio musikatu batekin hasi ostean, Patxi Zubizarretak aurkeztu zuen kontzertuaren hari bihurtuko zen «arazoa». Orain dela mendeetako bizimodua eta egungoa alderatzen dituen ipuina hartu zuen abiapuntu, «denbora gainditzen duten hamar elementuak» aurkitu nahian: kea, bospasei inurri harri baten gainean, marrazki bat egiteko gogoa...

Euskara eta gaztelania tartekatuz, Maddi Oihenartek eta Rafa Berriok abesti bihurtu zituzten hausnarketok. «Oroitzapen literarioetatik» bidaia eskaini zuen kontzertuak; «emozionatzeko» asmoa aitortua zuen Zubizarretak, «eta baliteke topa egiten amaitzea». Isiltasunaz eta zarataz hitz egin zuten; eta, nola ez, hitzaz. Barkoxekoak kantatu zuen: «Hitz bat, emadazu hitz bat. Hitz bi, gu bien artean zubi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.