Musika. STEVE EARLE.Diskoa:'I'll Never Get Out of This World'.Diskoetxea:New West.

Balada idazlearen itzulera

Andoni Tolosa.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Steve Earleren azken diskoen artean, I'll Never Get Out of This World Alive da Texaskoaren hasierako country rock pultsuaren tamaina hobekien erakusten duena. Oso agerikoa da. Horregatik, argi gera bedi hasieratik.Washington Square Serenade atipikoaren eta Townes van Zandt lagun minari egindako omenaldi intimoaren ondoren, berriro, hasierako diskoetako nahasketa elektroakustikoa gailentzen da lan honetan.

Earleren ibilbideak ez du azalpen handirik behar. Country rockaren promesa izatetik autosuntsiketa prozesu batek eragindako zulora eta, beste batzuetan bezala, historiara pasa diren disko bikainak sinatzeak (El Corazón, Jerusalem...)dakarren erredentzioa handik urte batzuetara.

Badira disko honetan Earleren ibilbidean ohikoak diren country blues zikinak, Meet Me In The Alleyway. Generoaren entziklopedia batean sartzeko moduko country pieza dirdiratsuak, diskoa irekitzen duen Waitin' On The Sky, adibidez. Badira bere jatorri irlandarren eta bluegrass musikaren erdibidean kokatu beharrekoak, Molly-o, besteak beste. Baina diskoaren erdialdetik aurrera hasten den folk balada sorta izan daiteke kantu bilduma honen alderik erakargarriena.

Every Part Of Me gozoarekin hasten da kontua. Earlek berak soilik dakien bezala xuxurlatzen dizkigu istorioak belarrira. Lonely Are The Free-k bide beretik jarraitzen du eta Allison Moore emaztearekin erdibana kantatutako Heaven Or Hell elektroakustikoarekin hartzen du diskoak mailarik gorenetakoa. Baina slide eder batek jantzitako I'am Wanderer eta, batez ere, Treme telesailerako apropos idatzitako This City bikainak azpimarratu egiten dute maila handiko diskoa dela eta Earlek aspaldiko baladarik ederrenak idatzi dituela.

On egin dio artistari T. Bonne Burnet ekoizlearen esku magikoak, eta, baita ere, Joan Baezentzat Earlek ekoiztutako Day After Tomorrow diskoko kantu pare bat berreskuratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.