Baldintza eta etekinen oreka

Diskoetxeek «ulergarritzat» jotzen dute autoekoizpenaren bidea; sortzaileen eta zigiluen arteko harremanean biek eman behar dutela diote.

gorka erostarbe leunda
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Diskoetxeek ulertu ez ezik normaltzat jotzen dute hainbat musikarik eta taldek autoekoizpenera jo izana garaiotan. Krisi garaiak direla eta diskoetxeek musikariei jarritako baldintzak kaskartu egin direla onartu du Gor diskoetxeko Patxi Goñik, baina ñabardurak ere egingo lituzke. «Diskoak saltzeko dagoen aurreikuspen txarrarekin diskoetxeek euren burua defendatzen dute, taldeari eskatzen zaizkion ordainsariak igotzen. Hor uste dut oreka bati eutsi behar zaiola, muga bat jarri beharko litzatekeela». Baina diskoetxeen lana ere kontuan hartu beharko litzateke bere iritzian: «Artistek jakin behar dute zein den gure lana ere. Autoekoizpenera jotzen dutenean konturatzen dira asko zein izaten den diskoetxe baten eguneroko lana».

Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunak zenbait talderekin «izandako jokabide txarrak» ikusi dituela dio: «Asko saltzen duten artistak eta prestigio bat dutenak ikusi ditut gaizki tratatuak izaten», baina musikarien «axolagabekeriak» ere ikusi eta bizi izan ditu: «Askotan, hilabete oso bat nahi izaten dute diskoa grabatzeko. Eta gauza bat da grabatzea eta beste bat da entseatzea. Grabatzera entseatuta etorri behar da. Batzuetan nabaritzen dut hemengo musikariei anbizio puntu bat falta zaiela. Egiten duten hori sinestea, eta horren alde lan egitea. Prest egotea harantz eta honantz mugitzeko, areto eta taberna txikietan jotzeko, musika bizibide hartzeko... Diskoetxeari beti eskatzen zaio profesionaltasuna. Eta, askotan, profesionaltasun hori ez dago beste aldean. Egia da profesionaltasun hori ez dagoela negozioak ere ez duelako ematen».

Elkar diskoetxeko buru Anjel Valdesen hitzetan, musikariek sarri errentagarritasun tarte laburra uzten diote diskoetxeari: «Talde askok harremana diskoaren esferara, salmentaren mundura mugatzen dute. Kasu horietan oso gutxi ematen du taldeak. Ez dute ikusten guk luzerako estrategia bat dugula, diru kontu bat baino ez dute ikusten, konpondu behar duten inbertsio bat. Disko bat egitea oso erraza da, edonork egin dezake. Baina produktore izatea ez da hori. Produktore izatea da, diseinuaren, salmentaren eta dibulgazioaren ardura izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.