Balendin Lasuen (Zaldibar, Bizkaia, 1924 - 2019) erreferentea izan da euskararen sustapenean, zabalpenean eta normalizazioan. Politikan ibilia zen, baina kulturaren eta euskaltzaletasunaren inguruan aritua batez ere, gehienbat Bizkaian. «Kulturak jendearengana iritsi behar du. Baina ez bakarrik iritsi. Kultura egiten ere parte hartu behar du jendeak», adierazi zion Lasuenek BERRIAri, 2007an egindako elkarrizketa batean. Hainbat ikerlan egina zen historia eta etnografia arloetan. Atzo hil zen, 95 urterekin.
Idazlea, ikertzailea, musikaria, enpresaria eta politikaria izan zen. EAJko alderdikidea zen, eta Zaldibarko (Bizkaia) lehenengo alkatea izan zen Francoren diktaduraren ondoren, 1979ko hauteskundeak irabazirik, baita Durangaldeko Mankomunitateko aurreneko lehendakaria ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura ordezkaria izana zen Bizkaian, hiru legealditan.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sortzaileetako bat zen Lasuen. Izan ere, Gerediaga elkarteko bigarren presidentea izan zen, 1966tik 1972ra. «Garai zailetan jardun zuen Gerediaga elkarteko buru. Ekimen askoren sustatzaile izan zen karguan zela». Elkarteak agiri bat argitaratu du haren agurrean. «Kultura gizon» moduan egin zituen lanak nabarmendu dituzte. Hainbat elkarte sortua zen, eta historiari lotutako lan ugari argitaratu zituen: Crónicas de las fiestas euskaras (1986), Orfeones y corales de Bizkaia (1987), Puentes antiguos de Bizkaia (1989) eta Museos de Bizkaia (1997), besteak beste.
«Zaldibarren ez ezik, Durangalde osoan merezi du aitormena. Konprometitua eta zabala zen», azaldu dio Jose Luis Lizundia euskaltzain eta Gerediagako kideak Anboto atariari. Haren lehen urratsak izan ditu gogoan: «Urte zailak ziren. Eskualde osoko agintariekin eta ordezkariekin tratuan aritzeko, ezker eskua behar zen, eta berak bazuen. Konfiantza handia genuen, harreman handia».
Azken urteotan, hainbat sari eta aitortza jaso ditu. 2013an, Bizkaiko Foru Aldundiak ohorezko Lauaxeta saria eman zion.