Kulturaren alde egindako lanagatik Urrezko Idazluma jaso du gaur Balendin Lasuen-ek (Zaldibar, Bizkaia; 1924). Bilboko Liburu Azokako sari nagusia da, eta Belen Greaves Bizkaiko Foru Aldundiaren behin-behineko Kultura diputatuak eman dio.
Lasuenek hainbat liburu idatzi izan ditu eta, karguen artean, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko Kultura ordezkaria (1983-1994) eta Gerediaga Elkartearen lehendakaria izana da (1966-1972). Zaldibarko alkate ere izan zen (1976-1983).
Lasuenek berak urte askoan jardun izan du Bilboko Liburu Azoka antolatzen, eta gaur, hantxe, "oso pozik" azaldu da, BERRIAk egin dion elkarrizketan esan duen bezala (bihar argitaratuko da elkarrizketa). "Saria emango zidatela esan zidatenean, ezin nuen sinetsi; ez nuen uste horrenbeste merezimendu daukadanik baina, itxura denez, badaukat. Beraz, onartzen dut saria, eta eskertzen dut bihotz-bihotzez".
Politikan ere aritu izan den arren, batik bat kultura eta euskara bultzatzen saiatu dela esan du. "Gerraosteko alkate izan nintzen ni; Franco hil eta geroko lehen alkate mugimendukoa. Politikan ere ibili naiz. Baina ni kultura eta euskaltzaletasuna lantzen saiatu naiz, bai ikertzeko orduan, baita idazteko orduan ere. Eta, itxura denez, egin dudan ibilbide horrengatik eman didate saria".
Argazkian, Lasuen Urrezko Idazlumarekin, gaur, Bilbon.
Kultura
Balendin Lasuenen ibilbideari saria
Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Idazluma jaso du gaur, kulturaren alde egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu