Artea

Banksy artista, margoporretan

Grafitigileak bideo baten bidez baieztatu du berak egin dituela Ingalaterrako kostaldean egunotan agerturiko lanak.

Edu Lartzanguren.
2021eko abuztuaren 14a
12:19
Entzun

Spraycation, horra ikasi beharreko azken hitza. Esprai margoa eta oporrak berbekin eginiko hitz jokoa da, staycation hitzaren moldez, hau da, oporrak etxean pasatzea adierazten duena. Banksy grafitigileak erabili du, azken egunotan zertan ibili den deskribatzeko. Izan ere, Ingalaterrako ekialdeko kostaldeko hainbat herritan berriki agerturiko margolanak berak egin dituela baieztatu du, bideo baten bitartez.

Instagramen argitaratu du bideoa. Horrek kontatu nahi duen istorioaren arabera, autokarabana batean ibili da margolanak egiten.

Hor erakusten du kaputxadun batek nola margotu duen arratoi bat Lowestoften.

Lehenengo lana abuztuaren 6an agertu zen, Great Yarmouthen, eta joan den asteburuan beste hainbat agertu dira inguruotan.

Azken lana herri horretan bertan agertu zen, han dagoen maketen parke batean. Figura txikien artean, pintaketa bat egin du: Handikiro egin, edo joan etxera.

Ibilbidearen hasieratik aritu da grafitigilea arratoiak margotzen. Mezua argia zen: hiriak aberastasun eta botere leku gisa saltzen du bere burua, baina azpian, arratoiak dira jaun eta jabe, eta hiriari azpia jaten ari zaizkio.

Imitatzaile asko sortu zaizkionez, azken boladan bideoak erabili izan ditu artistak bere lanen egiletza baieztatzeko.

Azkenetako batean, maskarak janzteko eskatu zuen ekintza baten bidez: Londresko metroan sartu zen, garbitzailez jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.