Banpiroen sasoia azkenetan dagoela ematen du. Twilight izan da azken urteotako moda horren emaitzarik ezagunena, baina ez bakarra. Gai horren inguruan bestelako hamaika film egin izan dira, gehien-gehienak nerabeei begira. Iturria lehortzen ari zela ikusita, Hollywood ordezko baten bila hasi zen. Hasiera batean, aingeruekin saiatu ziren, baina, nonbait, horrekin ez zuten espero ziren emaitzak lortu. Orain, berriz, bestelako ahalegin bat egitea erabaki dute industriako boteretsuek: estralurtarrekin.
Nerabeei zuzendutako zientzia fikzioa da I am Number Four, eta Twilight sailak izan duen arrakasta komertziala errepikatu nahi du. Generoaren barruan, itxura gaztea eta polita duten estralurtarren aldeko apustua egin du Dreamworks ekoiztetxeak. Steven Spielberg horren atzean da, baina, oraingo honetan, zuzendari eta ekoizle ezagunak nahiago izan du bigarren mailan gelditu. Azken urteotan lanak errentagarri egin dizkion beste norbaitengan utzi du ardura, Michael Bayrengan.
Hura ere zuzendari eta ekoizlea da; inondik inora, ez du Spielbergen kalitate mailarik, baina bere pelikula gehienek ongi funtzionatu dute komertzialki. Armageddon-ekin (1988) hasi zen bere izena ezagun egiten. Horren ostean, bere ibilbideak izan duen porrot komertzialik handiena ailegatu zen: Pearl Harbor (2001) ekoizpen handiak ez zituen aurreikuspenak bete.
Dena den, industriak segitu zuen harengan konfiantza izaten, eta 2005ean arrakastaren bidera itzuli zen, The Island hala moduzkoarekin. Ordurako Dreamworks etxerako ari zen lanean Bay, eta Spielbergek berak haren eskuetan utzi zuen gozoki tentagarria: Transformers. Pelikula batere ona ez izan arren, ekonomikoki ongi funtzionatu zuen, eta orain dela bi urte Bayk berak bigarren partea zuzendu zuen. Hirugarrena aurtengo udarako iragarri dute.
Oraingoan, berriz, Michael Bayk zuzendari lanak utzi eta I Am Number Four filmeko ekoizle nagusia izatera pasatu da. Gisa horretako produktuetan oraindik ere ekoizleak pisu handia du, are gehiago Dreamworksek egina bada.
Beti iheska
Zuzendari lanetan D. J. Caruso dugu. Telebista sailetan trebatu ondoren, 2002an hasi zuen bere ibilbide zinematografikoa, baina ez du zorte handirik izan. 2007tik Dreamworksen babesean ari da lanean, eta orain arte bi pelikula eginak zituen Spielbergen estudioarekin, Disturbia (2007) eta Eagle Eye (2008). Biak Dreamworkseko aktore kutunarekin, Shia Labeoufekin.
Pittacus Lore liburuan oinarritu dira filma egiteko. Arazo nagusia protagonista aukeratzeko orduan izan zuten. Ekoizleek norbait berri samarra nahi zuten, Robert Pattinson berri bat, eta, horregatik, lan handia hartu zuten aktore egokiaren bila. Azkenean, Alex Pettyfer ezezagunak jokatu du John Smith protagonistaren rola. Ziur asko hemendik aurrera askotan entzunen dugu hari buruz hitz egiten.
John Smith, jakina, asmatutako izena da. Horren azpian estralurtar gazte bat ezkutatzen da. Lau ziren, eta dagoeneko hiru hilik daude, soilik bera gelditzen da bizirik. Horregatik, herriz herri ibili da, bere nortasuna aldatzen, atzetik dituen etsai krudelak nahastu nahian. Bera da laugarrena, eta bera akabatzea da haien helburu bakarra. Henri babeslea da estralurtar gazteak duen laguntza bakarra; gainerakoan, inolako loturarik edo harremanik gabe, batetik bestera ibiltzera kondenatuta dirudi.
Ohiora ailegatuta gauzak nahiko ongi doazkio, ongi moldatu baita ingurura. Zoritxarrez, hainbat gauza gertatuko zaizkio estralurtarrari. Batetik, lehen amodioa ezagutuko du. Bestetik, dituen dohain harrigarriak deskubrituko ditu. Eta, azkenik, munduan ez dagoela bakarrik ohartuko da, bere egoera berean beste hainbat pertsona omen daude.
'I AM NUMBER FOUR'
Zuzendaria: D. J. Caruso.
Aktoreak: Alex Pettyfer, Timothy Olyphant, Teresa Palmer, Dianna Agron, Kevin Durand, Callan McAuliffe.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 110 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian. Ostiralean, berriz, Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Banpiroak ordezkatzeko, estralurtarrak
Dreamworks ekoiztetxeak Twilight sailak izan duen arrakasta komertziala errepikatu nahi du 'I am Number Four' filmarekinD. J. Carusok zuzendu du nerabeentzat sortutako zientzia fikzioko istorio hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu