Barandiaranen pausoei jarraituz

Aranzadi Zientzi Elkarteko kideak Lezetxikiko aztarnategian indusketak egiten ari dira hamalaugarren aldiz, eta datozen urteetan proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute.

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2009ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Arrasateko (Gipuzkoa) harrobitik oso gertu eta Bostate mendipean erdi ezkutaturik, Lezetxiki aztarnategia dago. Harrizko tunel bat igarota, amildegiaren alboan daude bi zuloak; Lezetxiki I eta Lezetxiki II. Haitzuloen hondoan hamar bat pertsona ari dira indusketak egiten, pintzelak, egurrezko makilak eta kuboak lagun. Goian, bide ertzean, pare bat lagun, irazgailu baten laguntzaz zati txikiak sailkatzen dabiltza. Bitartean, Aranzadi Zientzi Elkarteko arkeologoek indusketa lanak gainbegiratzen dituzte.

1996an hasi ziren Aranzadi Elkartekoak haitzulo horietan lanean. Aurretik, Joxe Migel Barandiaran ibili zen, 1956. eta 1968. urteen bitartean. Aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen, Homo Heildebergensis Neanderthalgo gizakiaren aurreko izan zenaren besahezur fosilizatu bat. 1968an bertan behera utzi zituen indusketak, ondorengo belaunaldiek tresneria hobearekin aurkikuntza zehatzagoak egingo zituztelakoan, eta hala izan da. 1996tik hona egindako indusketek frogatu dute Euskal Herriko eta Galiziatik Pirineotara doan itsasertz guztiko giza kokagunerik zaharrena dela Lezetxiki. Bertan aurkitutako hezur eta tresnak Behe Paleolitokoak dira, hau da, duela 150.000 urte ingurukoak.

Hamalaugarren indusketa ari dira egiten aztarnategi horretan; Barandiaranen bilaketaz geroztik, hiru maila beherago jaitsi dira, eta espero baino gauza gehiago aurkitu dituzte. Indusketen zuzendari Alvaro Arrizabalagaren esanetan, «harrigarria izan da Barandiaranek aurkitu zuenaz aparte gauza berriak agertzea». Homo Heildebergensis, Neanderthal eta Homo Sapiens-en ehun bat aztarnaz gain, animalia hezur ugari aurkitu dituzte urteetan. Aurten, haitzuloetako hartzaren aitzindari Ursus Deningeri hartzaren bi hezurdura oso aurkitu dituzte. Maria Jose Iriarte Aranzadiko kidearentzat, garrantzi handikoa da aurkikuntza: «Guretzat nabarmenena sedimentazio mota da. Lezetxikiko lur honetan sedimentazio arina izan da, eta, horregatik, hartz horien hezurrak bere tokian mantendu dira, mugitu gabe». Behe Paleolitoko hartz horiek bi metro eta erdiko luzera zuten, eta 600 kilo inguru pisatzen zuten. Aritza Villaluenga ikertzaileak Miura zezen batekin konparatzen ditu,«adarren ordez letaginak zituztela, eta bi hankatan jartzeko gaitasuna zutela». Dirudienez, hartzak hibernatzera joaten ziren Lezetxikira.

Lana, haitza jotzeraino

Amildegitik baztertu eta Lezetxikiko haitzuloan barneratuz, indusketarien lana ikus daiteke, hiru metroko zuloaren sakoneran lur soila eta milaka urtetako hezur eta harriak bereizten saiatuz. Paretan, gorriz margotutako lerro bat ikusten da: 1956 J.M. Barandiaran datua zati gorenean, 1996 urtea atzetik duela. Lerroak behera egin ahala, urteetan induskatu diren zatiak erakusten ditu. Guztira hiru maila jaitsi dira 1996tik hona, eta aurten, N maila agortu eta O maila arakatzen hasi dira. Bertan azaldu dira hartzen hezurdurak, baita giza tresnak ere; azken horiek bertan zergatik dauden ikertuko dute orain. Arrizabalagarentzat, lana hasi besterik ez da egin: «Aztarna guztiak jaso ondoren, bildumatu, siglatu eta piezak espezialistengana bidaltzen dira, aztertzeko. Ondoren, jaso eta kontserbatu egiten dira, museo edota bildumetan».

Zuloaren sakonerari begiratuta, badirudi hondoa jo dutela. Arrizabalagak, ordea, ez du hala uste. Oraindikmetro bat eta bi metro artean gelditzen dira lur azpian aztertu gabe Leizetxiki I-en, eta zertxobait gutxiago Leizetxiki II-n.«Ezin da azken kanpaina izan, gure helburua haitza jotzera iristea delako. Aztarnen datak eta testuinguruak finkatu nahi ditugu, eta oraindik %20 falta da induskatzeko». Dena dela, datorren urtera begira posible ikusten du atseden hartzea, ez diru laguntzaren faltagatik, arrazoi zientifikoengatik baizik.Arrizabalaga ziur dago Lezetxikiko aztarnategiak aurrera jarraituko duela, proiektua «indusketak agortu arte» ez delako amaituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.