Barne muinen ikerlari eternala

Hermann Hesse idazlea, 1946ko Nobel sariduna, hil zenetik 50 urte beteko dira bihar

2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Beste askori moduan, hil ostean ailegatu zitzaion errekonozimendua. Flower Power mugimenduak haren obrak hartu zituen sinbolotzat Vietnamgo gerratearen garaian, pazifismoaz, Asiako filosofiaz eta itaun existentzialistez jositakoak oro. Egun, ostera, alemanez idatzi duten literatoen artean gehien irakurrietako bat da, Thomas Mann eta Stefan Zweigekin batera. Hermann Hesse, 1946an Nobel saria jasotako idazlea,orain 50 urte hil zen, Suitzako Tesino hirian.

«Poeta izango naiz, edo ezer ez», egin zuen aldarri gaztaroan Hermann Hessek, inguratzen zuen mundu hertsia ezin onarturik, eta halaxe igaro zuen bizitza, bakarti antzeko, barne muinen labirintoan haztaka, une bakanetan baino topatu ez zuen orekaren bila. Bizimodu saminduetatik gutxienez literatura ona erator daitekeelako premisak funtzionatzen du, ordea, haren kasuan. Molde klasikoak erabiliz, sentiberatasunaren, arrazoiaren eta sentimenduaren artean aritu zen borrokan, Ekialdeko mistizismoaren eragina gidari zuelarik.

Hain justu ere, Siddhartha izeneko gizon hindu baten bizitza kontatzen du izen bereko bere alegoria eleberriak, Lehen Mundu Gerraren ostean idatzi zuenak. Liburuan, elementu lirikoak eta epikoak elkarrekin nahasi zituen Hessek, narrazioa meditazioarekin, eta espiritualitate gorena sentsualtasun gordinenarekin. Hala, Siddharthak jakituria topatu arteko bidaiaren nondik norakoak kontatzen ditu hirugarren pertsonan, eta bitartean, modu introspektiboan, bere bizitza osatzen duten sentimenduen berri ematen du, harik eta perfekzio desiratura gidatuko duen maisua ezagutzen duen arte. Neurri batean, Budaren bizipenetan oinarritutako eleberria da.

Handik gutxira, 1927an, argitaratu zuen Estepako otsoa, haren eleberririk ezagunena, seguruenera. Garai hartan, bigarren emazte izan zuen Ruth Wengerrekin moztea deliberatu bezain pronto, atsekabe handi batek hartu zuen, bakartzearen eta kanpoko munduarekin zuen hartu emanerako ezintasun psikologikoaren ondorioz. Desesperaziozko testuinguru horretan ekin zion nobela idazteari, eta elementu autobiografikoak zein fantasiazkoak batu zituen. Harry Hallerren eskuizkribu batzuk dira istorioaren abiapuntu —autorearen hasierako letra berak (H. H.) dituen pertsonaia, bidenabar—. Hallerren bizitzako kontuak eta ingurukoekin zein bere buruarekin dituen ezintasunak kontatzen ditu Hessek, errealitatearen eta ametsen munduaren arteko marra aski distortsionaturik.

Haren bibliografiaoparotik euskarara itzulitako aleak ere badira: Estepako otsoa (Pello Zabaleta, 1986), Peter Camenzind (Xabier Mendiguren, 1992), Knölge doktore jaunaren azkena deituriko testu labur bat (Pello Zabaleta, 1985), baita poema bat ere, Olerkia (Markue, 1968).

Heroia eta 'zucchino'-a, bat

Tesinon (Suitzako hegoaldean) igaro zituen bere bizitzako azken lau hamarkadak, baina suitzarrek idazle alemaniartzat dute Hesse. Sorterrian, Alemaniako Calw hirian, haren izena daramaten kale eta plazak dauden, baina Tesinon kasik ahantzi dute idazlea: etxebizitza blokeak eraikitzeko proiektu bat da abian haren bizitoki izan zen Casa Rossako loretokian. Izan ere, hasiera batean, suitzarrek zucchino izenez bataiatu zuten Hesse, iparraldeko jatorria duen oro moduan. Hiltzear zela, Nobel saria jaso ondoren, eman zioten azkenik ohorezko hiritar titulua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.