MUSIKA

Barneko bidetik, Napoka Iria

Barne mundura egin duten bidaiatik 'Arnasten ikasteko berriz' bigarren lan luzea atera du taldeak. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1926/[/berriatb]

Araitz Muguruza.
2013ko urriaren 4a
09:33
Entzun

Napoka Iriaren disko berriak oinarrian Miren Narbaiza eta Ander Mujika taldekideek egin duten barne bidaia dago. Hitzetan islatu nahi izan dute bidaia hori, eta handik ateratako hari muturretik tiratuta sortu dute diskoaren izenburua ere: Arnasten ikasteko berriz.

Taldeak argitaratu duen bigarren lan luzea da, eta lehenago argitaratu dituzten bi maketak gehituta, laugarrena. Bonberenea Ekintzak zigiluaren eskutik kaleratu dute, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Aurkezpenaren zurruntasuna hausteko eta, bide batez, udal liburutegiko sotoko giroa berotze aldera, pare bat kantu jo zituzten zuzenean. Betiko moduan, gitarra bana eskuan zutela, Narbaizak akustikoa, Mujikak elektrikoa, melodiak indartzen zituen pedalak oinetatik gertu zituela.

Aurreko diskoaren oinarri bera mantendu dute, baina sinpleago egin dute. Gorka Bereziartua kazetariak hauxe azaldu zuen: "Gehiago adierazten dute, gutxiagorekin edo, azkenaurreko piezaren titulua baliatuz, erantziz jantzi dira".

Diskoa zortzi kantuk osatzen dute, eta 30 minutu ingurukoa da. Erraz entzuten den diskoa dela adierazi zuen Narbaizak. «Segituan pasatzen da diskoa; konturatzerako, entzunda dago». Horregatik, gonbidatu zituen entzuleak hasieratik amaierara entzunaldi bakarrean entzutera. Narbaiza eta Mujikaren gitarrez gain, instrumentu gehiago erabili dituzte. "Asko", Mujikaren esanetan. Perkusio, tronpeta, harmonium eta kontrabaxuaren laguntza izan dute abestiak josteko. Felix Buff, Iban Urizar eta Ibai Gogortza izan dira joste lanetako arduradunak.

Gogortzak, gainera, diskoa ekoitzi du. Grabaketa, berriz, Iñigo Irazokik Saran duen estudioan egin dute (Lapurdi).

Musikariaren larrutik "apur bat" aldendu direla ere kontatu dute, bideoklipa grabatu baitute. "Aktore lanetan ere aritu gara, ahal dena egiten", gaineratu du Narbaizak. Dani Zabala izan dute horren zuzendari.

Emanaldiei ekiteko gogoz

Hurrengo astean hasiko dira berriz kontzertuak ematen. Gaur zortzi emango dute lehenengoa, Donostian, Lugaritz kultur etxean. Urtebetean egin duten lan guztia plazaratzeko gogoz daudela dio Mujikak. "Bereziak izango dira kontzertu horiek, ondoan izango baititugu grabaketan lagun izan ditugunak". Ondorengo kontzertuak, Tolosan (Gipuzkoa), Markinan (Bizkaia), Gasteizen eta Beran (Nafarroa) emango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.