Gustura daude. Filma finantzatzeko behar duten diruaren erdia lortu dute: 20.000 euro. Baina beste horrenbeste falta zaie. Barrura begiratzeko leihoak film dokumentalak herritarrengana jo zuen laguntza eske, eta ekarpena «izugarria» izaten ari dela nabarmendu du Josu Martinez zuzendari eta filmeko koordinatzaileak, baina are gehiago behar dutela azpimarratu du. Laguntza emateko kontu korronte zenbakia zinez.net webgunean dago.
Donostiako Udaleko alkatetzak eman nahi zion laguntzak sortutako zalapartaren ostean, filmaren egileek uko egin diete erakundeetatik etor zitezkeen laguntzei. Herritarren erantzunak gustura dauzka: «Telefonoa ez da isiltzen», dio Haizea Belza ekoiztetxeko kideak.
Herritarrengandik eta enpresa batzordeetatik jaso dute babesa, batez ere. «Adierazpen askatasunarekiko eta kulturarekiko konpromiso sendoa duten herritar soiletatik». Euskal Herritik izan dute laguntza gehiena, baina ez hori bakarrik: Madrildik, Galiziatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik ere etorri da.
Babesa ematen ari zaizkien guztiei eskerrak emateko ere baliatu zuten atzo Donostian emandako prentsaurrekoa. Izan ere, aste honetan amaitu beharra daukate filma, Donostiako Zinemaldian estreinatzeko, eta hura bukatzen buru-belarri ari dira, beste ezertarako astirik gabe.
Filmarekin ekarpen «umil eta zintzoa» egiten saiatu direla dio Martinezek: «Mikroskopioarekin egindako filma egin nahi izan dugu, pertsonen gauza txikiei begiratzen diena, handitzeko eta alde humano hori azpimarratzeko, epaiketa politikorik gabe».
Filmeko protagonistak bost preso izango dira, bost zuzendariren begietatik. Martinezen esanetan, aukeraketa egiterakoan «askatasun erabatekoa» izan dute zuzendariek, baina, nolabait, «soslai ezberdinak lortzen» saiatu dira, egoera desberdinak kontuan hartzen, bai adinari dagokionez, jatorriari dagokionez, pasatu izan dutenaren inguruan, eta baita espetxeko egoerari dagokionez ere. «Uste dut nahiko gauza plurala atera dela. Nahiko gauza dibertsoa, askotarikoa».
1. Irati Tobar
Josu Martinezen lana Irati Tobarren esperientzian oinarritu da. Tobarrek bazekien atxilotu egingo zutena. Jakin zuenetik atxilotu bitarteko «beldur eta bizipenak» jasotzen saiatu da Martinez. Tobar Portugaletekoa da (Bizkaia), eta iazko martxoaren 30ean atxilotu zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi). Espainiako Polizia gazte mugimenduaren kontrako operazioan hura atxilotzen saiatu ondoren, itxialdi batean hartu zuen parte Tobarrek, Izuran (Nafarroa Beherea), polizia operazio hartan ihes egin zuten Segiko bertze zazpi kiderekin batera.
2. Ion Ugarte Zinkunegi
Txeber Larreategik alderantzizko prozesua kontatu du Ion Ugarte Zinkunegi presoaren esperientziarekin. Hamasei urtez preso egon ostean espetxetik ateratzeko esperientzia jaso du. Zestoarra da Ugarte, eta kaleko bizitzarako moldaketa jaso du Larreategik. «Bizitza normalerako egokitze lana. Nola itzultzen den utzitako lekuetara, eta nola saiatzen den erritmoa errekuperatzen».
3. Gotzone Lopezde Luzuriaga
Mireia Gabilondok Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren egoera kontatu du. Lopez de Luzuriagari bularreko minbizia topatu zioten 2007an, eta Jaengo ospitalean erauzi zioten. Erradioterapia tratamendua egin du. 23 urte daramatza preso.
4. Jesus MariZalakain
Enara Goikoetxea zuzendariak, berriz, Jesus Mari Zalakainen esperientzia kontatu du. Zalakain Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik dago preso. 18/98 auzian epaitu eta zigortu zuten. Zortzi urteko zigorra jarri zioten.
5. Mikel Albisu 'Antza'
Eneko Olasagastik Mikel Albisu Antza-ren istorioa kontatu du, «ikuspegi pertsonal batetik». Albisu eta Olasagasti lagunak ziren. Harremana galdu zuten, Albisuk ihesari eman baitzion. «Urteetan elkarren berririk eduki gabe egon ostean, laguna errekuperatzeko bidaia» kontatu du Olasagastik. 80ko hamarkadan egin zuen ihes Antzak, eta 2004an atxilotu zuten, Frantzian, Marixol Iparragirre bikotekidearekin eta 8 urteko semearekin batera.
'Barrura begiratzeko leihoak' filmak diruaren erdia lortu du: 20.000 euro
Laguntza eskertu dute Zinez ekoiztetxeak eta filmaren egileek, eta babes handiagoa behar dutela ohartarazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu