Donostiako 72. Musika Hamabostaldia

Bartoken 'Bizarrurdinen gaztelua' obra «perfektua» joko du Koloniako Orkestrak

Schoenbergen 'Pelleas eta Melisande' ere emango du gaur Kursaalean; etzi du azken kontzertua

Jeanne-Michelle Charbonnet eta Jukka-Pekka Saraste. JUAN CARLOS RUIZ/ARP.
Donostia
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Ordubeteko perfekzioa». Hala definitu du Bela Bartoken Bizarrurdinen gaztelua Jeanne-Michelle Charbonnet mezzosopranoak. «Ez dauka nota bat bera ere soberan». Lan horrek emango dio hasiera gaur Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren bigarren emanaldiari, Jukka-Pekka Saraste zuzendari finlandiarraren eskutik. Lehen kontzertuan, atzo, Franz Liszten Totetantz eta Dantza makabroa eta Gustav Mahlerren 9. sinfonia interpretatu zituzten;etzi izango da Alemaniako orkestra hirugarren eta azken aldiz Kursaalean, Beethoven, Brahms eta Schoenbergen obrak jotzeko.

Gaur, Bela Bartok konpositore hugariarraren opera kontzertu bertsioan entzuteko aukera izango da, eta Charbonnetekin batera, Peter Fried baritonoak kantatuko du. 1911n idatzi zuen obra,Charles Perraulten Bizarrurdin ipuin zorigaiztokoan oinarrituta. Kontzertuaren bigarren zatian, Arnold Schoenberg konpositore austriarraren lehen orkestrarako obra interpretatuko du taldeak. Pelleas eta Melisande poema sinfonikoa Maurice Maeterlinck idazlearen lan batetik abiatuta sortu zuen Schoenbergek, 1903an.

Lan ilunen ondoren, agur alaia

Gaiaren aldetik, bitan bana daiteke hiru kontzertuetako errepertorioa. Atzokoa eta gaurkoa «ilunak» dira; etzi, berriz, «bakeaz eta zorionaz hitz egiten duten» lanak izango dira, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren hitzetan. Schoenbergen Friede auf Erden (Bakea lurrean) obra koralarekin hasiko dute asteleheneko kontzertua, eta Brahmsen Schicksacslied (Patuaren abestia) obra erromantikoak emango dio segida. Amaitzeko, Beethovenen 9. sinfonia entzutetsua interpretatuko dute. Jukka-Pekka Sarasteren ustez, bizitzako aroei so egiten die programazioak, lanokorduko sortzaileen «gatazka emozionalak» agerian jartzen dituztelako. Gaur egun, haren iritziz, ez dugu orduan bezainbeste begiratzen «geure barrenera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.