Antzerkia krisi garaian. Egoera eta erronkak

Basamortuan itotzear

Krisi ekonomikoa sekulako kaltea egiten ari zaio euskarazko antzerkiari. Eskaintzen dira ikuskizunak, baina programatzaileek ondo neurtu beharra daukate zer erosi. Ikusleak badira, eta sortzaileek aldarrikatu nahi dute kultura pertsonaren behar bat dela. Instituzioei esku hartzeko eskatzen diete, baina onartzen dute eredu berriekin saiatzeko une egokia dela.

Igor Susaeta.
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Sinplea da galdera. Zuzen egindakoa. Programatzerako orduan, zuzeneko ikuskizunak eskaintzeko garaian, zein da euskarazko antzerkiaren egoera? Erantzunak, konpainia handi, ertain edo txiki baten sortzaileenak zein programatzaileenak izan, ezkorrak dira. Eta di-da batean ahoratutakoak. «Larria eta zaila». «Oso txarra». «Nahiko eskasa». «Azkeneko bi urteotan ia ez dugu ezer programatu». «Gero eta lan gehiago egin behar da, gero eta diru gutxiago irabazteko». Krisi ekonomikoak sekulako kaltea egin dio sektoreari. Eskaintzen dira ikuskizunak, baina gero eta xumeagoak dira ekoizpenari dagokionez. «Gauza soilak egitera jo da. Hiruzpalau aktorekoak. Hortik gorakoa suizidio bat da ia», aitortu du Xabier Agirre Txalo konpainiako zuzendariak. Izan ere, programatzaileek, herri ertain edo txikietakoek batez ere, ez dute ikuskizunak erosteko dirurik. Jesus Arrizabalaga Azkoitiko Udaleko kultur teknikariak eman du datua: «Orain dela zazpi edo zortzi urte 92.000 bat euro genituen, urteko, arte eszenikoen zuzeneko emanaldietarako. Orain, 25.000». Baina Agirrek ikusi ahal izan du jendea joaten dela emanaldietara. Asko. «Gipuzkoako herrietan eta Bizkaiko zenbait tokitan egiten direnetara, gure kasuan, behintzat, bai».Gainera, kultura eskuragarri edukitzea «eskubide bat» dela irizten dio Asier Zinkunegi Arte Bizia plataformako eta Dar-dar produkzioko kideak. Instituzioei, hortaz, erantzukizunez jokatzeko eskatzen diete denek. Laguntzarik gabe «ezinezkoa» baita antzerkia egitea, Agirreren iritziz. Oier Guillan Metrokoadroka kolektiboko kidearentzat, berriz, krisiak egoera «latz bat» ekarri du, «zeinak azaleratu dituen dirua zegoenean ikusten ez ziren gabeziak». Laguntza eskaera, batetik, eta elkarlanerako deia, bestetik, «euskal kultura basamortu bihur ez dadin», Zinkunegik esan bezala. Izan ere, Patxo Telleria Ez Dok Hiru Bikoteatroaren kideak adierazi du ura «sudurreraino» heltzen zaiela. Euskarazko antzerkia, hortaz, basamortuan itotzear dago.

Ikusleak egarri dira, ordea. «Tolosan, Baginaren bakarrizketak ikusteko, 700 pertsona bildu genituen. Ordizian, 500; Donostian, hiru emanalditan, 300eko batez bestekoa», esan du Agirrek. Azken «hiruzpalau urteotan», baina, programazioa gutxi gorabehera «%30» murriztu dela iruditzen zaio. Donostiako Udala izango da programazioari eutsi dion kasu bakanetako bat; areago, «indartu» duena. Norka Chiapuso udaleko arte eszenikoen programatzaileak horren arrazoiak eman ditu: «Aspalditik daukagu euskarazko programazio iraunkor bat, udaleko euskara patronatuarekin landutakoa. Erregulartasunez programatzen dugu. Batetik, publikoa badagoelako, edo pentsatzen dugulako sortu egin behar dela. Eta bestetik, euskararen normalizazioa lantzeko». Hiri handi batean baliabideen isla da egoera hori. Gasteizen, aldiz, murrizketak %40koak izango direla ohartarazi du Zinkunegik. Herri ertain batean, Azkoitian, «tartean-tartean» egiten dira emanaldiak, Arrizabalagaren esanetan, «baina oso gutxi garai batekoarekin konparatuta».

Emanaldi kopuruen jaitsiera nozitu dute aktoreek, eta, gainera, normalean lehen baino gutxiago ordaintzen zaie. «Ordainsaria izugarri jaitsi da. %50 bai, azken lauzpabost urteotan. Batzuetan obra ordaintzeko baino ez dugu ateratzen, irabazirik gabe», azaldu du Agirrek. «Batzuetan finko bat eskatzen da hasteko, eta sarrera salmentarekin ateratzen denaren portzentaje batekin konpentsatzen dugu. Sarrera salmenta hutsaren menpe egotea asko arriskatzea da». Gainera, nabarmendu nahi du «denbora dezente» itxaron behar izaten dutela kobratzeko: «Euskal Herrian, tira; ikuskizuna egin eta hiru edo lau hilabetera kobratzen baduzu, normaltzat hartzen da. Gaur egun gero eta zailagoa da hiru astera edo kobratzea».

Chiapusoren ustez, ordea, euskarazko antzerkian ordainsari jaitsiera «gutxiago» nabaritzen da. «Beharbada, kontzientzia badagoelako. Gure kasuan ez dugu ordainsaria apaldu. Are gehiago: bi emanaldi egiten badira, bi ordainsari ordaintzen ditugu. Hori ez dugu egiten gaztelerazko lanekin».

Zenbakiak ez dituzte azaleratu, baina Arrizabalagak kontatu du garai batean zer zen normalena, eta egungo egoerarekin konparatu du: «Euskal Antzoki Sarearen bileretan asko hitz egiten dugu kontuaz, eta badakigu 2.300 euroedo 3.000 inguru ordaintzen direla. 4.000tik beherako ikuskizun mordoa dago. Eta orain lau urte, aldiz, 4.000tik edo 5.000tik gorakoa zen helduen kasuan. Gu ezin gara zifra horietara heldu. Pentsa zer-nolako esfortzua egiten ari diren sortzaileak. Irauten ari dira, argi eta garbi». Telleria uste berekoa da, eta pare bat gogoeta gehitu ditu: «Bizirik irautearen azkeneko fasean gaude. Ez bagara gehiago kexatzen, edo arduratzen, agian prekarietatean ibiltzera ohituta gaudelako ez dugu egiten. Eta prekarietatetik ezerezera tarte laburra dago. Konturatuko al gara hurbil gaudenean!». Pentsatzen du, gainera, ordainsari jaitsierak «epe luzera» eragina izaten duela ikuskizunaren kalitatean. «Eta epe laburrera, berriz, aktoreak eta enpresak emergentziazko egoeran jartzen ditu».

Gauza bat «leporatu» nahi die programatzaileei: «Egoera latz honi aurre egiteko elkarrekin erantzukizun gehiago hartu ez izana. Iruditzen zait bakoitza bere kabuz ari dela, nor bere gotorlekuan, nork berea ahal duen moduan ateratzen, haiek ere arazoak dituzte eta. Baina haietako gehienek, guk ez bezala, lanpostua, ona edo txarra, eta soldata, altuagoa edo txikiagoa, ziurtatuak dituzte». Dena dela, Bilbon Pabiloi 6-rako erakutsi duten «konpromisoa» aipatuko nahiko luke. Arrizabalagari joaten zaizkio herritarrak ea zergatik antzerki gehiago ez duten programatzen galdezka. Eta konpainietako kideekin ere hitz egiten du zenbakiez. Bi kasuetan, ordea, «inpotentzia» sentitzen du.

«Aberatsen politika»

Chiapusok ez du uste herri txiki edo ertainen eta hirien arteko aldeak hain handiak izan beharko luketenik: «Dagoen diruaren arabera ezarri behar dira lehentasunak. Uste dugu gauza batzuk besteak baino gehiago babestu behar direla». Eta krisi ekonomikoa aipatuta, eztabaidarako beste gai bat jarri du mahai gainean: «Duela urte batzuk, krisiaren aurretik, guk neurriak hartu genituen. Eta neurri hori zen aberatsen politika ez egitea. Aberats bat bezala bizi zarenean, gero ezin zara normaltasunera itzuli. Gure kudeaketa beti izan da zentzuzkoa». Krisia iritsi zen; murriztu ziren, hortaz, aurrekontuak, «baina lehen egiten genuen kudeaketari eutsita, gure programazioa modu logikoan defendatzen ari gara». Mireia Gabilondo Tanttakako kidea ez dago ados Chiapusok aipatutako ideiarekin: «Obrak balio zuen baino gehiago ordaintzen zitzaigula esan nahi du horrek?». Hariari tiraka jarraitu du: «Aberatsen politika... Orain, derrepente, antza, bi aktoreren gauza bat egin behar da, merkea, eszenografia gabea... Horretara behartzea ez dago batere ondo».

Agirrek uste du «suizidioa» dela hiruzpalau aktore baino gehiagorekin ikuskizunak egitea: «Lanei erreparatzen baldin badiezu, gero eta gutxiago ikusten dira halakoak». Telleriak uste du «enpresen aldetik ausardia handia» izan behar dela produkzio handi batean sartzeko. «Izan ere, ekonomikoki porrot egiteko aukerak areagotzen dira». Gabilondok ere ondotxo daki horretara jo dela, «bestela ezin baitzara lehiatu». Halere, «nahiz eta egoera txarra izan», pentsatu izan du gauzak sortzerakoan «gogoari» kasu egin behar zaiola: «Zerbait gustukoa den edo ez, gero ikusiko da. Baina aurrena eskaini egin behar da. Hori bai: eskaintzeko toki bat behar da».

Ipar Euskal Herrian, toki falta

Ikuskizunak emateko tokien gabeziarekin zerikusi zuzena dauka euskarazko antzerkia Ipar Euskal Herrian pairatzen ari den krisiak, Manex Fuchs Le Petit Theatre de Pain taldeko kideak: «Iparraldeko krisia ez dago krisi ekonomikoari lotuta. Gehiago da euskal kulturari, gure hizkuntzari egiten zaion toki eskasaren krisia». Betiere, haren esanetan, antzerkigintza profesionala eta amateurra bereizita. Aldi berean, Ipar eta Hego Euskal Herriko herrien tamainen arteko alderaketa egin du: «300,400, 500 pertsonakoak dira. Kostaldean, aldiz, Baionak, Miarritzek edo Donibane Lohizunek, adibidez,badute indar handiagoa, baina inoiz ez dute euskarazko antzerkian inbertitu».

Kulturarekiko, arte eszenikoekiko, kontzientzia falta nabarmena dagoela uste dute denek, bai Iparraldekoek eta bai Hegoaldekoek. «Jendeak oraindik ere uste du sortzaileei bi pezeta ematearekin nahikoa dela. Politikariek, gainera, sekula ez dute ikusi kultur arlokoak enpresak direla», bota du Arrizabalagak. Agirrerentzat udalek «kontzientziatu» egin behar dute, «arte eszenikoek herriari bizia ematen diotelako».

Telleriaren aburuz, «endemikoa» da arazoa: «Gizartean errotuta dago. Ez diogu garrantzirik ematen kulturari. Denbora-pasa edo apaingarritzat hartzen da. Ez da konprenitzen, munduko beste toki batzuetan ulertzen den moduan (leku gutxitan, tamalez), kultura pertsonaren behar bat dela. Mundua ezagutzeko, munduarekin komunikatzeko, errealitatea bereganatzeko... pertsonago izateko». Gabilondok ere antzeko diskurtsoa dauka: «Kulturak gizartean eta gizabanakoan duen garrantzia onartu behar da. Horri daukan garrantzia ematen ez diogun bitartean, gaizki ibiliko gara». Halere, argi printza bat ikusi du lainoen artean: «Uste dut, pixkanaka, jendea horretaz jabetzen ari dela. Egin beharreko lehen urratsa da». Iritzi solemneagoa dauka Zinkunegik: «Herritarrek kultura eskuragarri edukitzea eskubide bat da. Nazioarteko manifestu askotan dago jasota; Giza Eskubideenean, adibidez. Murrizketen eraginez ez dago hain argi eskuragarri geratuko den edo ez».

Hortaz, irtenbide bila hasi behar. Arte Bizia plataformak arte eszenikoetako hainbat alorretako jendea bildu du, eta haien eskaeretako bat da udalen aurrekontuen %0,7 zuzeneneko ikuskizunetarako bideratzea. Une honetan administrazioekin negoziatzen ari dira. «Gutxieneko batzuk bermatu nahi ditugu», esan du Zinkunegik. Finantzaketa mistoa planteatzen du: «Ekimen pribatuak eta publikoak elkarrekin lan gehiago egin dezakete». Agirreri iruditzen zaio antzerkigintzari ematen zaion dirua «broma bat» dela, «beste alor batzuetarako ematen denarekin konparatuz». Zinkunegik «zentzu kontua» dela pentsatzen du: «Diru publikoa murrizten ari bada, eta programazioari eutsi behar baldin bazaio, denon artean topatu beharko genituzke irtenbideak». Telleriak, berriz, Euskal Konpainia Ofizial baten gabeziak sortutako hutsunea sentitzen du. «Horren gabezian areagotu egiten da arazoa». Bestela, %0,7koaren eskaerak ez dio «gauza handirik» esaten. «%0,7 nori? Kulturari?Antzerkiari? Euskarazko antzerkiari? Dena dela, orain arte ez dakit zenbateko portzentajea eskaintzen zen udaletan, ez eta beste herrialdeetan zer egiten den ere». Chiapusoren ustez, «instituzioek» konpondu beharko lukete auzia: «Udalak ezin dira beste aldera begira egon, eta dena sarreren salmentarekin bete behar dela esan. Halere, hau ez da soilik euskarazko antzerkiaren problema; ekoizpen txikiena ere ez».

Petatxuen arriskua

%0,7ko portzentajea egungo egoeran «ongi etorria» izango litzatekeela irizten dio Guillanek. «Baina petatxu moduan geratzeko arriskua dauka». Errenterian antzerki jardunaldi batzuk antolatzen ari dira Metrokoadrokoak, eta konpainia, talde, eta programatzaileen arteko foro bat egingo dute. «Krisi honek azaleratu ditu ez atzera ez aurrera zeuden gai asko. Kontua ez da esatea krisia onerako izan dela, baina geure buruari galdetu beharko genioke zergatik gauden horrela. Agian, krisiaren aurreko egoerak erosotasunean murgildu gintuelako eta orain ikusten ditugulako orduko gabeziak».

«Antzokien mendekotasunik» ez dauka Guillanen kolektiboak. «Harreman sareak eginda, era ezberdinetako eragileekin elkarlanean arituta, lanean jarraitzen dugu». Argi dauka benetako arazoa «azpian» dagoela: «Aretoen eta guneen sekulako sarea dugu, adibidez, baina horietako asko hutsik daude. Eten bat egon da antolatzaile, programatzaile eta sortzaileen artean, ohitu garelako modu bakarrean funtzionatzera». Egoerak beste herrialde batzuetan zein moldek funtzionatzen duten ikustera behartu ditu: «Ingalaterran, esaterako, laguntza ez da soilik ekonomikoa. Aretoak utzita laguntzen da, adibidez. Kanpoan ikasitakoek esaten dute kanpoan errazagoa dela sorkuntza lan bat egitea. Hemen herriko sortzaileei ere kobratzen zaie aretoa erabiltzeagatik. Eskura dauden baliabideak erabil daitezke beste era bateko harremanak sortzeko, beste modu bateko laguntzak emateko». Fuchsek «mugaz beste aldeko» lankidetza landu du, Artedrama eta Dejaburekin Errautsak lan arrakastatsua taularatuz. «Sare ofizialetatik kanpo lan egin dugu. Irtenbideetako bat izan daiteke beste sare mota batzuk bidean jartzea eta elkarteekin lan egitea. Noski, beste toki batzuetatik lortu beharko da dirua». Baina horrek «lan gehiago» dakar.

Batek dio itotzear daudela. Beste batek euskal kultura basamortu bihur daitekeela laguntza instituzionala jaso ezean. Elkarlana, bide berriak aldarrikatzen dituztenak badaude, eta Gabilondok pentsatzen du pasa izan dituztela halakoak. Telleria, aldiz, gordin,egoera honetan baldintza duinetan lan egin ote daitekeen galdetu zaionean: «Bai, ofizioz aldatuta, edo atzerrira joanda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.