Nestor Basterretxea artista (Bermeo, 1924) «publiko frantsesari ezagutaraztea eta, bide batez, unibertsitateko adituen ahotsa publiko zabalago bati zabaltzea» izan da La Cheminante argitaletxeak eta Eusko Ikaskuntzak argitaratu Nestor Basterretxea liburuaren xedea, La Cheminanteko Sylvie Darreauk erranik. Baionako hiriak iaz antolatu erakusketa- omenaldiaren karietara egin jardunaldiak bildu dituzte bertan. Hitzak liburuan koloretan eta argazkiak lagun jarri dituzte, erakargarritasuna handitzeko asmoz justuki. 25 euroren truke. Zehaztu daiteke, agian, argazkien kalitate eta maketaren aldetik, ez dela, menturaz, usaiako arte liburu estetiko horietako bat.
Bizkitartean, eta nahiz eta «publiko frantsesa» izan jomuga, hor gaindi euskaldunek ere harrapatuko dute nondik edan, liburuan euskarak presentzia zerbait baitauka. Jardunaldietan hitza euskaraz hartu zutenek liburuan testua euskaraz baitute, frantses itzulpenaren ondoan. Gaztelaniaz aritu zirenek badute frantsesezko itzulpena, baina ez euskarazkoa. Frantsesez hitz egin zutenek frantsesez bakarrik dute testua. Guztia itzuliz liburua lodiegia zitekeela azaldu dute arduradunek.
Atzo aurkeztu zuten liburua, eta berezia zen ikustea nola, preseski, Basterretxearen obraren euskalduntasuna eta aldi berean unibertsaltasuna goraipatzen zuten frantses hutsean eta euskarari berari lekurik egin gabe.
Baionako errealitate horretan, Basterretxea bera, aurkezpena bururatzean onartu elkarrizketan, damutu zen euskarak ez leku gehiago izatea liburuan, baina gehitu zuen, bere usaiako irri ironikoarekin, «baina ez dut neure buruaz beste eginen!».
Euskararekin lotura hertsia duela berretsi zuen, nahiz eta ez jakin: «Euskarak nire izpiritua elikatzen du». Galdera bat behin baino gehiagotan egiten omen dio bere buruari: «Zer eginen nuke euskara baneki? Zaila egiten zait jakitea beste zerbait eginen ote nukeen ala ez. Euskara dakiten artista anitzek ez dute ezer asmatu. Eta sorkuntza asmatzea da». Eta hark, eta haren gisa Oteizak ere, «euskara jakin gabe, baina euskara maitatuz, euskara begiratuz. Guti jakinez, baina zertxobait jakinez, txikitan denek bagenekiela, hortik arte unibertsal bat egiten dugu, euskararen baitan oinarritua. Hor badago kontradikzio bat. Baina ez dit bidea mozten».
Horiek horrela, liburuan irakur daitezkeen testuen artean, Anuntxi Arana idazleak mitoaz egin gogoeta dago, Asier Laspiureskultore eta arte ederren irakasleak Basterretxearen sinboloez egina, Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari ohiak Basterretxearen isiltasunaz, eta baita Jean Mixel Bedaxagar arotzakBasterretxearen burdinazko obra bat nola egiten den azaltzeko ekarri lekukotasuna ere. Liburuan sartu dute, halaber, Euskal Herriko mapa bat ere, Basterretxearen kanpoko obra guztiak elkartzen dituena. Gotainetik Bermeora, 28 daude orotara, beren kokapen geografiko zehatzarekin.
Liburuaren asmoak hunkitu zuen Basterretxea eta, eskertzeko, Baiona hiriari obra bat eskainiko diola iragarri zuen atzo.
Basterretxearekin Baionan eginiko topaketa liburu batean bildu dute
Eusko Ikaskuntzak iaz antolatu jardunaldien testuak publiko zabal baten eskura jarri nahi izan dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu