Ideologia kutxa bat da hizkuntza. Ideologiak oro, hizkuntza kutxa. Zail da, bada, ikuspegi politikorik gordetzen ez duen testu literario bat topatzea, edozein hizkuntza-aukera edo adierazpide-aukera hautu estetikoa izateaz gain hautu politiko ere badelako —jakina, bere zentzurik zabalenean harturik politika—. Kontua da, garai batean nagusi edo ofizial den ereduaz beste sortzen den literatur testuaren ideologia ageriago geratu ohi dela, errepikaren errepikaz eredu ofizial hori naturalizatu ohi delako, Lander Garrok ohartarazi bezala.
Eredu ofizialek genero literarioen funtzio soziala ere bideratzen dute, eta ezaguna da nobela modernoa klase sozial konkretu baten adierazpide izateko sortu zela, burgesiaren adierazpide izateko. Eta ezagun da kulturaren eredu merkantilistak ere nobela hartu duela genero literario kuttuntzat. Gaur egun, bada, nobela merkatuaren erdigunean kokatzen den genero literarioa da, eta eredu kanonikoak sortzeko ikur.
Kokapen horrek eragin du, nik uste, diskurtso ideologiko kritikorik gehienak beste genero literario batzuetan garatzea, edo azken batean, subjektu ideologiko baztertu horiek beste genero literario batzuetara jotzea ahots eske. Esate baterako, emakumearen bazterketa salatzeko eta gainditzeko sorturiko estetika eta diskurtso sendoenak, eraginkorrenak nobelaz beste topatzen ditugu: poesian, antzerkian zein narrazio laburretan. Antzeko generoetan kokatu dira sexualitate baztertuei ahotsa eman nahi izan dioten subjektuak, eta baita klase sozialaren bazterketa salatu nahi izan dutenak. Genero literario baztertuetan egin dute bidea diskurtso sozial baztertuenek ere, bazterreko eremu horretan aritzeak logika literario berriak sortzeko aukerak aniztu egiten dituelako. Logika ofizialarentzat genero horiek hain ikusgarri ez direnez, haiek kontrolatzeko eta bideratzeko ahaleginik ere ez da izaten. Nobelak badu arrisku hori, merkatuak erraz irents dezakeela, bere logikara errendituz, edozein izanik ere nobelak irudikaturiko ideologia (Iban Zalduaren aspaldiko kezka dena). Hartara, proposamen estetiko eta politiko horiek badute kontrol ofizial horretatik askatzeko posibilitate gehiago.
Jakina, logika ofiziala bazter utzirik aritzeak ere badu arriskua, ikusezintasuna. Proposamen estetiko eta politiko berriak testuetara eramate hutsa ez baita eraginkorra, erretorika eta estetika huts izan daitezke, ezer birpentsatzeko eta ezer eraldatzeko gaitasunik ez dutenak.Komunikazio eredu, testuinguru eta parametroetan eratzen dira komunikazio literarioaren logikarik nagusienak. Edozein eraldaketa-asmo komunikazio paradigma hori berrasmatzetik abiatu beharko.
HIRUDIA. Iratxe Retolaza.
Bazterreko logikarik ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu