MUSIKA

B.B. Kingek zabalduko du Donostiako Jazzaldia, Zurriolako hondartzan

San Telmo museoak kontzertuak hartuko ditu eta, besteak beste, Abdullah Ibrahim, Jan Garbarek, Cyndi Lauper, Toots Thielemans eta Cassandra Wilson etorriko dira Donostiara.

Jon Eskisabel.
2011ko martxoaren 30a
13:45
Entzun

Donostiako Jazzaldiko egitarauaren aurrerapenean gaur antolatzaileek esan dutenez, Jazz Band Ballak irekiko du jaialdia, uztailaren 21ean, eta B.B. King blues gitarrista izango da egun horretako izen nagusia. Festibalak bost egun iraungo du, eta 1,6 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino 100.000 euro inguru gehiago.

Aurtengo nobedade nagusietako bat San Telmo museoaren erabilera izango da. Irekitzear dagoen museoak hiru egunetan hartuko ditu kontzertuak elizan, patio berrian eta klaustroan; horien artean, Jan Garbarek & The Hilliard Ensemble, Lloyd Cole Small Ensemble eta John Scofield Quartetenak.

Trinitate plazako egitaraua uztailaren 22an zabalduko dute Abdullah Ibrahim pianistaren Ekaya taldeak eta Tea for 3 tronpetista hirukoteak (Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen). Hurrengo egunetan, Medeski, Martin & Wood + Soul Bop (Randy Brecker, Bill Evans), John  McLaughlin & The 4th Dimension Band, Charlie Haden Quartet West, Cassandra Wilson, Cyndi Lauper (Memphis Blues diskoko kantuak joko ditu) eta Mavis Staples ariko dira leku berean.

Kursaaleko auditorioak hiru kontzertu hartuko ditu: Return to Forever IV, Hiromi: The Trio Project eta Toots Thielemans.

B.B. Kingez gain Jazz Band Balla osatuko duten izenen zerrenda osatu gabe dago oraindik, horietako batzuk dagoeneko iragarri badituzte ere: Staff Benda Bilili, Eivind Aarset eta Elephant 9, besteak beste. Hain zuzen, pop eta rock taldeen eskaintza da ezagutzera eman ez dutena.

Abonoak eta sarrerak apirilaren 1ean jarriko dituzte salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.