BBK Livek utzitako zaporeari eutsi nahi dio Arcade Firek

Montrealgo taldeak bere pop barrokoa eta zuzeneko katartikoa ekarriko ditu bihar Guggenheimera

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
BBK Live jaialdiaren ekitaldi amaitu berriak izan duen arrakastaren oihartzuna itzali gabe dagoelarik —larunbatean Kobetamendin izandakoek (35.000 lagun, antolatzaileen arabera) nekez ahaztuko dute The Black Crowesek emandako kontzertua—, Bilbo dagoeneko prestatzen ari da lehen mailako beste emanaldi bat hartzeko. Arcade Fire indie musikaren gaur egungo talderik entzutetsuenetakoak bere pop barrokoa eta ereserki gisako kantu epiko eta dantzagarriak eskainiko ditu bihar gauean Guggenheim museoaren kanpoaldeko laugunean.

Zazpi mila sarrera jarri dituzte salgai (36 euro gehi banaketa gastuak), eta oraindik geratzen dira batzuk. Quebeceko taldearen kontzertua 22:00etan hasiko da, baina bi ordu lehenago igoko da lehen taldea agertokira: L.A., Lluis Albert Segura katalanaren taldea. Haren ondoren, New Yorkeko The Walkmen ariko da, Lisbon (2010) disko bikainaren egilea.

Arcade Firek sortutako ikusmina handia da, Euskal Herrian ariko den lehen aldia delako eta emanaldi katartikoak eta gogoangarriak egiten dituen ospea duelako taldeak. Hala egiazta daiteke Miroir noir dokumentalean, taldearen arty izaera agerian uzten duen lan ezohikoan. Taldea 2002an sortu zen, eta hurrengo urtean argitaratu zuen bere lehen grabazioa, Arcade Fire EP gomendagarria. Zazpi kanturen artean No Cars Go zegoen, geroago Neon Bible diskoan (2007) berriz grabatu eta arrakastatsu egingo zen abestia. Baina Arcade Fire ez zen ezagun egin Funeral lehen diskoa kaleratu zuen arte (2004an argitaratu zen Kanadan, eta 2005ean Europan). Besteak beste, Wake Up, Rebellion (Lies) eta Neighborhood #2 kantuak bala-bala zabaldu ziren, eta aldizkari espezializatuek urteko disko onenen artean aukeratu zuten, ia aho batez, Win Butler eta Regine Chassagne senar-emazteak buru dituen seikotearen lana. Ondoren, Neon Bible ilun eta apokaliptikoa eta The Suburbs (2010) soil eta zuzenagoa etorri ziren, Arcade Fire gaur egungo pop alternatiboaren gailurrean sendotu duten diskoak.

103.000 entzule BBK Liven

BBK Livek inoiz baino ikus-entzule gehiago izan ditu bere seigarren ekitaldian. Hiru egunetan 103.000 lagun bildu dira Kobetamendin. Horietatik heren bat bizkaitarrak izan dira, %8,7 madrildarrak, %8,3 katalanak eta %7,4 Erresuma Batukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.