Begirada aldaketa

Ikuspegi erromantikoa baztertuz paisaia bere horretan islatu zuten AEBetako lehen argazkilarien lanak daude ikusgai BilbonArgazkigintza garaikidearen oinarrien berri ematen du Arte Eder museoko erakusketak

Orain dela 35 urte erakutsi zuten lehen aldiz AEBetan New Topographics jatorrizko erakusketa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Paisaiaren kontzeptu berria definitu zuten argazkilarien lana orain 35 urte erakutsi zuten lehen aldiz Ameriketako Estatu Batuetan. New Topographics jatorrizko erakusketa, baina, pertsona gutxik ikusi zuten, ez zelako toki askotara zabaldu. Bilboko Arte Eder museoan garai hartako bederatzi argazkilariren lanak ezagutzeko aukera izango da urtarrilaren 8ra bitartean.

Ramon Esparza erakusketaren koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, argazki hauek paisaiak begiratzeko beste modu bat azaltzen digute. «Autobusean leihotik begira goazela gune industrial baten paretik pasatzen garenean, normalean, begirada beste nonbaitera zuzentzen dugu», azaldu du Esparzak. Duela 35 urte, erakusketan ageri diren argazkilariak paisaia hauen xarma islatzen saiatu ziren. Irudi hauek paisaia arrunt eta ahaztuei buruzko mezu adierazgarriak transmititzen dituzte. Telefono kableak, karabanak, kale nagusiak, lantegiak, motelak... New England eta Los Angelesko ikuspegi prosaikoak.

Argazki hauek paisaiaren kontzeptu berria definitu zuten. Paisaia ulertzeko modu berri honen bidez, gizakiak eraldatutako paisaien argazkiak erretratatzen hasi ziren. Tradizio erromantikotik urrun, naturak eta gizakiak industrializazioaren ostean izan duten harremanean oinarritua.

1. Robert Adams

AEBetako Colorado estatuko Front Range eskualdeko argazkiak egin zituen 60ko hamarkadaren amaieran. Arte Eder museoko erakusketan ikusgai dagoen bilduman, giza garapenak paisaian izan duen eraginari aurre egiten dio nerabezaroaz geroztik bizileku izan duen paisaia erretratatuz.

2. Lewis Baltz

Hura izan zen Leo Castelli arte garaikideko arte salerosle entzutetsuak ordezkatutako lehenengo argazkilaria. 1971n haren Tract urbanizazio bateko etxeak lana erakutsi zuen Castellik. National Endowment for the Arts agentziaren beka batek bultzatuta egin zuen Industrialde berriak Irvindik gertu, Kalifornia proiektu berria. 41 argazkiz osatuta dago, eta 1975ean erakutsi eta argitaratu zuen Castellik. Sail horretatik, Jenkinsek hogei hautatu zituen New Topographics bilduman sartzeko.

3. Bernd eta H. Becher

Kunstakademie Dusseldorf akademian ezagutu zuten elkar, pintura ikasten ari zirela. 1957an hasi ziren argazkilaritzan lankidetzan, eta hasieratik topatu zuten biei interesa piztuko zien gai bat: XX. mendeko arkitektura industriala. Elkarrekin orubeak eta lursailak ikertzeaz gainera, ikatza xehatzeko lantegi izugarriei eta egurrezko egitura apalei atera zizkieten argazkiak.

4. Joe Deal

Rochesterrera joan zen 1970ean Kansas Cityko Arte Institutuan lizentzia lortu ondoren. George Eastman Housen zinpeko begirale gisa lan egin zuen, Vietnamgo gerrara joatea saihestu nahi zuten kontzientzia eragozleentzako ordezko zerbitzu gisa balio baitzion. Argazkilari lanean William Jenkins komisarioa ezagutu zuen. Argazkilaritza garaikidea landu zuten biek, gizakiak egindako eraikuntzek aldatutako ingurumenak erretratatzen ahaleginduz.

5. Frank Gohlke

Ideia bat zuen buruan bueltaka: ezin uler litekeela egitura bat paisaia ulertu gabe, eta alderantziz, ezin uler litekeela paisaia gizakiaren kulturari begiratu gabe. Hori guztia argazkitan azaldu zuen Estatu Batuetako mendebaldeko erdialdean eta herrialdearen mutur batetik bestera errepidez egindako bidaietan.

6. Nicholas Nixon

Bilboko Arte Eder museoko erakusketan bildutako haren irudien artean, Bostongo irudiak dira nagusi: Copley plaza, liburutegi publikoa, Storrow zumardia eta abar. Garai hartan Nixonek hiriaren paisaia zaharraren eta berriaren arteko elkarkidetza islatzea nahi zuen, hiri espazioaren konplexutasuna argazkitan azaltzearekin batera.

7. John Schott

Adierazkortasunaren kontrako irudiak sortu nahi zituen, bat-batekoak ez ziren irudiak, behaketa geldi eta lasaitik sortzen zirenak. Schottek aipamen ironikoaren eta deskribapen pasiboaren arteko oreka bilatzen du Bilboko Arte Eder museoan ageri diren bere argazkietan. AEBetako Route 66 mitikoko motelei buruzko irudiak dira.

8. Stephen Shore

Haren argazkiek eguneroko gaiak lantzen dituzte, baina Shorek Ezohiko lekuak izenburua jarri zien, argiak eta begiradak etorkizun gutxieneko lekuak eta objektuak eralda ditzaketela iradokiz. Kaleen irudiak atera zituen: hautsez estalitako bidegurutzeak, itzalez betetako kalexkak, auto ilarez betetakoak.

9. Henry Wessel

Irudi soil eta estatikoak lantzeko gai izan zen bereziki. Bidegurutzeetan, errepide bazterretan edo balkoietan jarrita, paisaia bat balira bezala erakusten ditu oso ondo zaindutako leihoetako landare ontziak, palmondo batzuen itzal nabarmenak eta belar txarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.