Paul Newman hil zenean, 2008ko irailaren 26an, Hollywoodek bere begi urdinak galdu zituela nabarmendu zuten munduko agerkari gehienek. Ez ziren, ordea, zinema klasikoaren begi bakarrak. Elizabeth Taylorren moreek ere bazuten edertasunik, adierazpen indarrik, famarik. Haiek ere itzali dira, eta begirik gabe geratu da Hollywood klasikoa.
Zinema mutua amaiturik zegoen Taylor filmetan parte hartzen hasi zenerako. Mary Pickfordek eta Gloria Swansonek baino urte batzuk geroago izan zuen arrakasta, baina bere aurpegiak eta more koloreko begi mitikoek elkarrizketa oso batek baino gehiago esaten zuten askotan.
Los Angelesko Cedars-Sinai ospitalean itxi dira behin betiko Taylorren begiak. 79 urte zituen, eta bi hilabete zeramatzan ospitaleraturik, bihotzeko arazoak zirela eta. Osasun ahuleko emakumea izan zen bizitza osoan. Gaitz asko izan zituen; sarritan egin behar izan zizkioten ebakuntzak, eta adinean aurrera egin ahala arazoak ugaritu zitzaizkion.
Gizonezko bikotekideekin loturik dago Taylorren ibilbide profesionala zein pertsonala. Begi ederren bikotea ez ezik, aktore bikote ederra osatu zuen, esaterako, Paul Newmanekin, Cat on a Hot Tin Roof filmean (Richard Brooks, 1958). Han esan zuen famatu egingo zen esaldi hura: «Ez naiz zurekin bizi. Kaiola bera partekatzen dugu. Hori da dena». Richard Burtonekin maitasun istorio grinatsu eta mediatikoa bizi izan zuen —bi aldiz ezkondu zen harekin, eta beste sei ezkontza ere izan zituen—, Cleopatra filmatu ostean (Joseph L. Mankiewicz, 1963). Film horrekin milioi bat dolar kobratu zuen; aurreneko emakumezko aktorea izan zen diru kopuru hori jasotzen. Giant filmak (George Stevens, 1956) erabateko ospea eta bere bizitzako adiskide handienetakoa eman zizkion: Rock Hudson. Aktore estatubatuarra 1985ean hil zen, hiesaren ondorioz. Orduz geroztik gaixotasun horren aurkako borrokan pertsonaia publiko aktiboenetakoa izan zen Taylor. Borroka horrek batu zuen Michael Jackson pop ikonoarekin ere. Taylor izan zen Jacksonen hiletara joan zen pertsonaia ezagun bakarretakoa, 2009ko ekainean.
Bi Oscar sariren jabe
Elizabeth Taylor Rosmond Londresen jaio zen, 1932an. Ez zuen gustuko Liz dei ziezaioten— «ondo ezagutzen nauenak Elizabeth deitzen nau»—, baina txikigarria geratu da legendarako.
Arte saleroslea zuen aita, eta Broadwaytik erretiroa hartutako aktorea ama. Beti eutsi izan zion ingeles herritartasunari, baina II. Mundu Gerraren aurreko egunetan Kaliforniara (AEB) alde egin zuen bere familiarekin. Amaren desioari jarraituz, 7 urterekin parte hartu zuen film batean aurrenekoz, eta 10 zituela kontratua sinatu zuen Metro Goldwyn Mayerrekin (MGM). Urtetan egon zen loturik zinema ekoiztetxe erraldoiarekin.
Little Woman (1949) filmeko Amy gaztetxoaren paperean egin zen ezagun, Spencer Tracyk antzeztutako aitaren bihotza apurtu zuen Father of The Bride-n (1950), eta Robert Taylorrekin maitemindu zen Ivanhoe-n (1952), baina Giant-ek eman zion mundu mailako sona, Rock Hudson eta James Deanekin batera egindako lanarengatik. Raintree County (1957), Cat on a Hot Tin Roof, Suddenly, Last Summer (1959) eta Butterfield 8(1960) filmekin lau aldiz jarraian izan zen Oscar saria irabazteko hautagai. Zinemaren historian Marlon Brandok bakarrik lortu du hori. Daniel Mannek zuzenduriko Butterfield 8-rekin lortu zuen aurreneko Oscarra, eta Richard Burtonekin batera protagonizaturiko Who's Afraid of Virginia Woolf? (Mike Nichols, 1966) lanarekin bigarrena.
70eko hamarkadan askoz ere film gutxiagotan parte hartu zuen Taylorrek. Ava Gardner eta Jane Fondarekin batera aritu zen The Blue Bird lanean (1976). Ordurako, bere ibilbidea dekadentzian zegoela, Donostiako Zinemaldian izan zen. 1973an etorri zen, Night Watch filma aurkeztera. Maletekin izandako arazo baten erruz berandu azaldu zen, Maria Cristina hotelaren sarreran pilaturiko zaleen txistuen aurrean. Zera esan zuen: «Badakit zer oihukatzen didaten, baina geroan geratuko dena nire irribarrea da». Begiak joan dira, begirada eta irribarrea geratuko dira.
Begirik gabe geratu da Hollywood
Elizabeth Taylor hil da, zinema klasikoaren azken aktore izar eta ikurretako bat, 79 urte zituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu