Behar batetik sortutakoak

Artedrama topaketak egingo dira Aulestin zazpigarren aldiz jarraian datorren astelehenetik hilaren 15eraBost mintegi trinko eta hainbat emanaldi eta ikuskizun antolatu dituzte

Orain hiru urteko Artedrama Topaketetan parte hartu zuten ikasleetako batzuk, tailer batean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Igor Susaeta.
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Arte eszenikoetan euskaraz lan egiten dutenen topagunea izango da Aulesti (Bizkaia) datorren astean. Aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizale guztiei urtero zabaltzen zaien gunea. Izan ere, zazpigarren urtez jarraian Artedrama topaketak egingo dira han. Datorren astelehenean hasiko dira, eta, hilaren 15era bitartean, antolatzaileek atondutako bost mintegi trinko eta hainbat emanaldi zein ikuskizun izango dira.

Ander Lipusek, Iñaki Ziarrustak, Ana Elordik, Eñaut Gantxegik eta Asier Sotak emango dituzte ikastaroak. Aurreneko biak hamabi ordukoak izango dira, eta beste hirurak, zortzikoak. Profesional zein ikasleentzat da aurtengo edizioa; betiere, Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen arteko eztabaidak eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin.

Garai batean, formakuntza topaketak egiten zituen Antzerkiola Imagionarioak Urduñan (Bizkaia). «Baina horiek nazioartekoak ziren, eta erdaraz, gainera», adierazi dute Artedrama topaketetako kideek. Oraingoak, aldiz, «behar batetik» sortu ziren: «Euskara hutsean formakuntza tailer batzuk eman nahi genituen». Eta herri bat aurkitzen hasi ziren Euskal Herri osoan. «Ea nor zegoen prest halako topaketa batzuk hartzeko... Eta Aulesti topatu genuen».

Kontzeptu herrikoia

Krisia dela-eta, Aulestiko Udalak ezin izango du aurten «gastu guztia» sostengatu. «Oraindik ez dakigu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak lagunduko diguten edo ez, baina arriskatu egin gara». Merezi duela uste dute. «Aulestin sekulako antzerki zaletasuna dago. Horrelako ekinaldiekin uste dugu sortzen dela antzerki herrikoiaren kontzeptua eta horrek eragiten duen sozializazioa oso aberasgarria dela. Kontzeptu horrek, bere apaltasunean, sekulako bizitza ematen dio uneari eta tokiari». Eta hori dena euskaraz: «Beste konplizitate bat lortzen dela uste dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.